Koronabirusa Azpeitian

Langabezia tasak gora egin du maiatzean ere

Uztarria.eus 2020ko eka. 9a, 12:49
Azpeitiaren aireko irudi bat. (Alex Berasategi)

Urte hasieratik apirilera puntu bat igo zen Azpeitiko langabezia tasa: %8,4tik %9,4ra. Maiatzeko datuen arabera, berriz, beste puntu erdi bat egin du gora langabeen ehunekoak. Maiatzaren bukaeran, 714 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian, Lanbidek emandako datuen arabera.

Osasun krisialdia ez ezik, ekonomian ere ekarri ditu ondorioak koronabirusak. Azken hilabeteetan gora egin du langabezia tasak Euskal Herriko txoko gehienetan, eta Azpeitian ere bai. Lanbidek emandako datuen arabera, urte hasieratik puntu bat igo zen langabezia herrian; hau da, %8,4tik %9,4ra igaro zen lanik gabe zeuden azpeitiarren ehunekoa hil horretan. Maiatzean ere joera berretsi egin da, eta puntu erdi bat igo da tasa: hain zuzen ere, maiatzeko datuen arabera, %9,9 da Azpeitiko langabezia tasa.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, maiatzaren bukaeran 714 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 31 gehiago. Urtarrileko datuekin konparatuta, berriz, maiatzean 107 lagun gehiago ziren lanik gabe. Eta 714 langabetatik 310 ziren gizonak, eta 404 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen %56,6. Adin tarteka aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko 31 gizon eta 29 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko 151 gizon eta 199 emakume; eta 45 urtetik gorako 128 gizon eta 176 emakume. Apirilean gisan, gazteen adin tartean gizonak baino gutxiago dira emakume langabeak, baina gainerako bi adin tarteetan, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. Dena den, maiatzean lanik gabe gelditu ziren herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak dira.

Bestalde, maiatzean langabezian ziren herritarrek zer eremutan egiten zuten lan ere zehaztu du Lanbidek: 40 nekazaritzan, 155 industrian, 37 eraikuntzan, 382 zerbitzuetan eta ehun lehendik zeuden lanik gabe. Apirileko sektorekako datuekin alderatuta, industrian eta zerbitzuetan aritzen ziren lanik gabe gelditu diren herritar gehienak.

Inguruko herrietan zer?

Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,2) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,4 da –apirilean %9,1 zen–; eta zenbateko hori baino pixka bat altuagoa da Azpeitikoa. Dena den, eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak apirilarekin alderatuta: maiatzean, guztira, 3.555 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 108 pertsona gehiago. Horietatik 2.011 emakumeak dira (%56,56) eta 1.544 gizonak.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak: Aia %7,1 (apirilean, %6,5); Aizarnazabal %13,2 (apirilean, %13,4); Azkoitia %9,9 (apirilean, %9,5); Beizama %8,5 (apirilean, %6,8); Errezil %6,7 (apirilean, %5,7); Getaria %8,1 (apirilean, %7,7); Orio Zarautz %9,3 (apirilean, %9,1); Zestoa %9,5 (apirilean, %9); Zumaia %9,1 (apirilean, %8,9). Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena, eta haren ostean dira Azpeitia eta Azkoitia tasa berarekin. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; gainerako herriek tasa baxuagoa dute.