Koronabirusa Azpeitian

Astelehenetako elkarretaratzeak berrartu dituzte pentsiodunek

Uztarria.eus 2020ko eka. 8a, 15:00

Hainbat hilabetez etenda egon dira pentsiodunen astelehenetako elkarretaratzeak, baina gaurtik aurrera berriro ekingo diote kontzentrazioei. Hain zuzen ere, hainbat herritar bildu da plazan gaur, astelehena, pentsio duinen aldeko kontzentrazioan. "Pribatizazorik ez", "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" eta "egoitza duinak eta publikoak" zioten karteltxoak zituzten herritarrek eskuetan.

Elkarretaratzearen amaieran testu bat irakurri dute Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako arduradunek, eta elkartasuna adierazi diete koronabirusaz hil diren biktimen senideei eta lagunei nahiz ospitaleetako eta egoitzetako langileei. Horrez gain, osasun zerbitzuaren "pribatizazioa eta baliabide falta" ere salatu dituzte, eta adinekoen zaintza publikoa eta duina aldarrikatu: "Azken urteetako murrizketek agerian utzi dute gure osasun zerbitzuen baliabide falta, eta orokorrean, adinekoen zaintzan dagoen sistemaren porrota. Ozenki salatzen dugu osasun zerbitzuaren pribatizazioa, eta zerbitzua gutxi batzuek dirua irabazteko erabili izana, adinekoen bizitza arriskuan jartzeraino. Ez dugu onartuko pandemiaren aurreko egoerara bueltatzea", azaldu dute. Era berean, egoitza sistema "publikoa, duina eta berria" ere aldarrikatu dute, besteak beste.

Datorren astean ordu eta leku berean bilduko dira pentsiodunak, eta COVID-19aren krisia dela-eta pentsioak murriztuko dituztela dioten zurrumurruen aurrean, borrokan "tinko" jarraituko dutela adierazi dute.