Koronabirusa Azpeitian

Sanjuandegiko festarik ez aurten

Uztarria.eus 2020ko eka. 5a, 11:36

Koronabirusa agertu izan ez balitz, asteburu honetan izango ziren Sanjuandegiko festak. XJ auzolanean festa batzordeak jakinarazi duenez, aurtengoan ez dute ekitaldirik antolatu. Balkoiak eta auzoa kolorez betetzeko deia egin dute.

Gauza jakina zena baieztatu du XJ auzolanean festa batzordeak: aurtengoan, ez da Sanjuandegiko festarik izango. "Adi jarraitu ditugu deskonfinamendua, fase aldaketak eta segurtasun neurriak, zirrikitu baten esperantzan, baina azkenean jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu". COVID-19  gaitzak eragindako ezohiko egoeran, "zaila" egiten zaie festak aurrera eramatea. "Guk festak gertu bizi nahi ditugu, elkarren ondoan, elkarrekin dantzan, jolasean, parrandan, parte hartzen, distantzia sozialik eta mugarik gabe, askatasunez eta goxotasunez. Gertu bizi eta sentitu. Plazara atera eta espazio hutsak, kaleak, bete". Hori ezinezkoa izango da aurtengoan, ordea.

Krisi egoera tarteko, aurtengoan ez dute ekitaldirik antolatu. Dena dela, festa batzordeko kideek azaldu dutenez, nahi duenak jaiak ospatzeko aukera izango du, nork bere erara: etxean, balkoietan kalean... Hori bai, "arduraz eta zuhurtziaz jokatzea" ezinbestekoa izango dela nabarmendu dute. "Tiraderan gordeak ditugun zapiak eta trapuak jantzi eta balkoiak eta auzoa kolorez betetzeko deia egiten dizuegu. Iluntasunari kolore pixka bat jarriko diogu festa garaiotan".

Sanjuandegiko festetako irudia den mantangorri ofizialik ez da izango aurtengoan, baina XJ auzolanean taldearen arabera, irudimena astintzen ari da jendea. "Entzun dugunez, hainbat auzotar ari omen dira mantangorriak prestatzen etxetik etxera, balkoitik balkoira, ibiltzeko. Itxialdia ez da samurra izan, ez, baina zerbait ona atera diogu egoera honi. Balkoitik edo leihotik bada ere, auzotarrok elkar gehiago ezagutzeko balio izan digu konfinamenduak, egunerokotasunetik atera eta elkarrekin abesteko, txaloak jotzeko, kale edo plazatxo bakoitzak bere festatxoak egiteko edota behar duenari laguntzeko, komunitate izaera indartuz".

Haurrak ere gogoan izan ditu festa batzordeak ezohiko egoera honetan. "Mantangorrik muxu bana bidali digu etxeko txikienentzat. Ez dira makalak, ez! Aurten festak nahieran gozatzeko aukerarik ez dugu izango, baina datorren urtean berriro ere astinduko dugu auzoa! Itzuliko gara, indar gehiagorekin. Bitartean, zaindu gaitezen elkar. Besarkada estu bat guztioi.