Koronabirusa Azpeitian

Bizikletak, iritsi ezinda

Uztarria.eus 2020ko eka. 4a, 20:37

Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean jartzen hasi zirenetik, asko hazi da bizikletaren erabilera, eta ondorioz, baita haien salmenta ere. Fabrikatzaileak "iritsi ezinik" dabiltzala eta banatzaileek "biltegiak hutsik" dituztela baieztatu dute Azpeitiko bizikleta saltzaileek, eta dendan dituzten bizikletei eta sortzen zaizkien konponketa lanei esker ari direla aurrera egiten.

Koronabirusak eragindako krisialdiak sektore guztietan izan du eragina. Gehienak geldiarazi egin ditu, baina bada salbuespenik ere; bizikletena, esaterako. Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean jartzen hasi zirenetik, asko hazi da bizikletaren erabilera, eta ondorioz, baita haien salmenta ere. Fabrikatzaileak "iritsi ezinik" dabiltzala eta banatzaileek "biltegiak hutsik" dituztela baieztatu dute Azpeitiko bizikleta saltzaileek, eta dendan dituzten bizikletei eta sortzen zaizkien konponketa lanei esker ari direla aurre egiten.

Aitzaki bizikleta dendako Jexux Arakistain ohartarazi zuten etor zitekeenaz: "Duela hilabete eta erdi BHko zuzendari komertzialak esan zidan asko haziko zela bizikleten salmenta". Baina orduan ez zion sinetsi. "Txina jarri zidan adibidetzat. Esan zidan Txinan, itxialdia bukatu zutenetik, izugarri ari zela hazten bizikleten salmenta, eta hemen ere gauza bera gertatuko zela". BHko zuzendari komertzialaren iragarpena bete egin dela aitortu du, eta arrazoia eman beharrean dagoela. Igoera horren atzean ez dago herritarren kirola egiteko grina bakarrik. "Egoera honetan, askoz seguruagoa da bizikleta hartzea autobusa edo metroa hartzea baino, eta hiri handietan hori ari da gertatzen".

Bi denda ditu Arakistainek; bata Azpeitian eta bestea Azkoitian. Martxoaren 15ean, alarma egoera zela eta, itxi egin behar izan zituzten biak, eta ezin izan zituzten zabaldu maiatzaren 4ra arte. Dena dela, tarte horretan ere zerbitzua eskaintzen jarraitu zuten. "Bizikletez gain, ariketa fisikoa egiteko makinak saltzen ditugu: bizikleta estatikoak, spinningekoak, korrika egiteko zintak, eliptikak, eta abar. Denda itxita izan dugun asteetan horrelakoak saldu ditugu gehien". Bezeroek telefonoz egiten zizkieten eskariak, eta gero, dendara bila joaten zitzaizkien edo etxera eramaten zizkieten. "Itxialdiak iraun duen bitartean eskari handia egon da, jendeak kirola egiteko beharra zeukalako, eta ia guztiak saldu ditugu". Horietan ere eskariari erantzuteko arazoak izan dituztela esan du. "Dendan ez geneukan zerbait eskatzen baziguten, ez genuen jakiten ekartzerik izango genuen ala ez, fabrikatzaileak eskari guztiei erantzun ezinik ibili direlako".

Mantentze eta konponketa lan gehiago 

Konfinamendua arindu ahala, jaitsi egin da barruan kirola egiteko aparatuen eskaria, eta bizikletena hasi da hazten. Arakistainen esanetan, dendan dituztenekin "nahiko ondo" moldatu dira orain arte, "baina hemen ez dugun bizikletaren bat eskatzen badigute arazoak ditugu ekartzeko, banatzaileak ere bizikletarik gabe gelditzen ari direlako". Halaxe esan du Azpeitiko Erreka Bike dendako Joseba Albizuk ere: "Nahiko egoera onean harrapatu nau kontuak, udaberrirako denda hornitzen jardun nintzelako eta dezente bizikleta nituelako, baina badakit banatzaileak ezer gabe daudela".

Albizuren arabera, bostehun eta mila euro arteko mendiko bizikletak dira azken asteetan eskari handiena izan dutenak. "Dendan parekorik topatzen ez badute, zerbait gehixeago ere gastatzen dute. Egoera beste bat balitz, eskatu eta zain egongo lirateke, baina biltegiak hutsik daudenez, nahiago dute berrehun edo hirurehun euro gehiago gastatu eta etxera bizikletarekin joatea". Arakistainek, berriz, era guztietako bizikleten salmentetan antzeman du igoera, "bai mendikoetan, bai errepidekoetan eta baita elektrikoetan ere".

Salmentez gain, lana ere ugaritu zaiela esan du Erreka Bike dendaren jabeak. "Kalera ateratzeko baimena daukagunetik, jendeak bizikletan ibiltzeari eman dio, eta mantentze lanak egiteko eta matxurak konpontzeko bizikleta asko ari zaizkigu iristen".

Dendara doazkien bezero gehienak azpeitiarrak eta azkoitiarrak diren arren, azken asteetan beste herri batzuetako jendea ere badatorkiela nabarmendu du Arakistainek. "Batzuk dendara etorri dira eta beste batzuk telefonoz deitu digute bizikleta modelo jakin batengatik galdezka. Jendea bazter guztietara deika ari da, eta denok antzera gaude". Egoera bere onera noiz etorriko den ez dakitela aitortu dute, "baina denbora pixka bat beharko dugu".