Koronabirusa Azpeitian

Harkaitz Azkune: "Erreminta egokiena txerto on bat litzateke"

Uztarria.eus 2020ko eka. 15a, 12:20
Harkaitz Azkune.

Txinan COVID-19aren kasuak azaldu orduko hasi ziren lanean Donostiako Ospitaleko gaitz infekziosoen unitatean. Hango medikua da Harkaitz Azkune (Azpeitia, 1979). Nerea Uranga kazetariak elkarrizketatu du Azkune 2020ko ekaineko Uztarria aldizkarian.

Biologia eta gaixotasun kutsakorren gaiak beti izan ditu gustukoak Harkaitz Azkunek. Medikuntzako ikasketak EHUn egin zituen; lehen zikloa Leioan (Bizkaia) eta bigarrena Donostian. Azken ikasturtea Italian egin zuen Erasmus bekarekin. Hainbat herrialdetan ibili da gaitz infekziosoen inguruan formatzen, eta egun Donostia Ospitaleko gaixotasun infekziosoen zerbitzuan aritzen da. COVID-19 gaitzaren izurriteak zuzenean eragin die eguneroko lanean.

Medikuntza ikasita, gaitz infekziosoetan espezializatu zinen. Zergatik?

Medikuntzako lizentziatura bukatu eta BAME prestatzen jardun nuen urtebetez. Gaixotasun kutsakorrak edo infekziosoak gustatzen zitzaizkidan, eta ikasketak hortik bideratzea erabaki nuen. Aurretik, 2001. urtean, Tanzaniako ospitale batean egon nintzen hiru hilabetez, Eusko Jaurlaritzaren kooperazio beka batekin. GIB kasu asko zegoen han, baita beste gaitz infekzioso ugari ere. Egonaldi hark barreneko harra handitu zidan. BAME gaindituta, barne medikuntzako bost urteko espezialitatea egin nuen, eta ikasketak gaitz kutsakorrekin lan egitera bideratzen saiatu nintzen; esaterako, ia bi urte pasatu nituen Donostiako infekziosoen unitatean eta beste bi hilabete egin nituen Kanadan formatzen. Ikasketak bukatuta, Donostia Ospitalean hasi nintzen lanean, tarteka Bilbora joanez. Ordutik, gaitz infekziosoen unitatean ari naiz. Donostian egon nintzen mediku egoiliar gisa ere, eta unitatearen profesionaltasuna eta lan egiteko modua asko gustatu zitzaizkidan.

Infekziosoen unitatean zer-nolako gaixoak artatzen dituzue?

Infekziosoa hitza entzun eta jendea beldurtu egiten da. Gure unitatean askotariko infekzioak ikusten ditugu: azalekoak, biriketakoak, nerbio sistema zentralekoak, meningitisak, tuberkulosiak, artikulazioetako protesiek eragindakoak —gero eta ohikoagoak—, bihotzeko balbulenak nahiz taupada-markagailuenak. Arnas infekzioak dituztenak ere artatzen ditugu: gripeak, pneumoniak...

Isolatze unitate berezi gisa ere izendatuta dago Donostia Ospitalea.

2013ko ebolaren agerraldi orokortuarekin arduratu egin ginen. Espainiako Estatuan horrelako sei-zazpi unitate daude, eta horietako batek Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan egon behar zuela eta, Donostian ezarri zuten. Ondorioz, 2013tik, arrisku altua izan eta isolatze berezia behar duten gaixotasun infekziosoak artatzeko erreferentziazko unitatea da gurea. Unitatea estrukturalki moldatu behar izan zen, eta logela bereziak dauzka. Gaitz kutsakorrei lotuta hainbat kontu landu ditugu unitatean: protokoloak, babes neurriak eta jantziak, materiala... Susperraldian dauden eta kutsakorrak diren gaitzekin kutsatutako pertsonak unitate horretan artatzen ditugu. COVID-19 gaitza infekzio berria da, eta hasieratik egon gara gaixoak artatzeko.

Beraz, koronabirusa artatzeko oinarrizko neurri batzuk hartuta zenituzten aurretik?

Ez gaitu ezerezean harrapatu. Urte askotako lana eginda geneukan ebolari lotuta, eta egokitzen joan gara. Ebolaren antzeko ezaugarriak dituzten gaitz desberdinak agertzen joan dira urteetan, eta bakoitzera egokitu behar da dena: ekipamendua, tratamendua... Beraz, ekipamendu eta prestaketa aldetik ez gaitu esku hutsik harrapatu COVID-19aren pandemiak. Halere, gaixotasuna berria da, eta gauza asko berriak dira guretzat ere.

Txinan hasi zen hedatzen COVID-19a, eta ohartzerako iritsi zen Euskal Herrira.

Gauzak beste era batera kritikatzen dira pasatutakoan, eta listoena azkena izaten da beti. Abenduaren bukaeran, Txinan aurreneko kasuak atera zirenean, adi jarri ginen. Orduan, baina, erabat bestelakoa zen gure ikuspuntua: Txinatik etor zitekeen norbait artatu beharko bagenu, zer beharko genukeen prestatzen hasi ginen. Horretarako, 2003ko SARS COVID 1 birusaz eginda genuen lanaz baliatu ginen: gaixoa nola artatu, egoera desberdinak nola aurreikusi... 2009an, A gripe famatu haren kasuan, berriz, gaitza zabaltzen bazen gauzak nola egin behar genituen aurreikusi genuen. Beraz, aurretik egindako lan horrek guztiak asko lagundu digu. Gaitza hona iristen zenerako planteamendu bat eginda genuen ospitalean, baita kutsatuak asko zirenerako ere. Fase desberdinak aurreikusita genituen, eta hori dena oso erabakiorra izan zaigu infekzioari aurre egiterakoan. Gipuzkoan abantaila bat izan dugu: gaitza beste lurraldeetan baino aste bat edo bi geroago hedatu da. Horrek denbora ematen du gauzak prestatzeko.

Gaitzaren hedapenari aurre hartzeko ahalegina egin da, beraz.

Uste dut gauzak ondo egin direla, eta prestatuta egon garela. Beste arlo batzuetan motelago joan garela egia da, ordea. Orain zera dio jendeak: "Zergatik ez ziren konfinamenduko neurriak lehenago hartu?". Hori egia da, baina kritika erraza da. Zorionez ala zoritxarrez, ez genuen horrelako pandemia baten esperientziarik aurrez, eta hurrengoan gauzak hobeto egingo direla uste dut. Denbora honetan prestatzen aritu gara, baina ez dakit beste alor batzuetan honek eragin dezakeenarekin sentsibilitaterik izan duten.

Zertan antzeman dituzue gabeziak?

Hedapena mundu osoan aldi berean gertatu denez, bat-batean mundu guztiak lanerako material berak nahi zituen: arnasgailuak, babesteko jantziak eta elementuak... Gainera, elementu horietako asko Txinan ekoizten dira, eta herrialde hori izan zen gaitzak erasan zuen aurrena. Ondorioz, kasu batzuetan, ez dugu eskura eduki gustatuko litzaigukeen EPIa (norbera babesteko jantzia), eta gure segurtasuna zaintzeko, eskura geneukanarekin moldatu behar izan dugu. Orain arte, EPI asko edukitzera eta erabiltzera geunden ohituta, baina kontzeptua aldatu eta gauzak hobeto eta neurrian erabiltzen jakin behar izan dugu. Horrez gain, gaitzaren diagnostikoa egiteko erremintak ez zeuden oso eskuragarri eta garatuta hasieran. Denbora asko behar zen diagnostikoa egiteko, ez zegoen nahikoa sintomak zituzten denei egiteko, eta gauzatzean Madrilera bidali behar izaten ziren. Egun, zorionez, egoera horri buelta eman zaio. Gaitzari buruzko ezagutzan ere izan dira gabeziak. Niri, adibidez, erabat aldatu zait hasieran gaixotasunari buruz neukan kontzeptua. Asko ikertu da, eta gaitza tratatzeko modua ere aldatzen joan da. Gaixotasun berria izanik, gauza asko ez genekizkien; hasieran ez genekien oso ondo pronostikoa aurreikusteko zer faktore hartu behar genituen kontuan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

COVID-19 gaitzari buruz gauza asko esan eta idatzi dira. Zer berezitasun ditu?

Hainbat berezitasun dauzka. Arnasbideetatik kutsatzen den gaitza da, eta horiek izaten dira zailenak kontrolatzeko. Edonork dauka kutsatzeko arriskua, eta horrek asko baldintzatzen du gaixotasunaren tratamendua. Gripeari aurre egiteko erreminta batzuk badaude; hau da, jendeak aurretik pasatu du gaitz hori eta badu babes bat edota badira txertoak. COVID-19aren kasuan, ordea, herritar guztiek dute kutsatzeko arriskua edo populazioren zati handia infekta daiteke denbora gutxian. Horrez gain, batik bat 60 urtetik gorako jendea erasaten du, eta EAEn bereziki handia da 60 urtetik gorako populazioa. Birus honen beste berezitasunetako bat zera da: asintomatiko egonda ere jende asko kutsatzeko arriskua dagoela. Birus berria denez, kutsatzen garenean, horri erantzun nahian inflamazio bat sortzen du gorputzak, eta inflamazio horrek birusak baino kalte gehiago sortzen du askotan. Denborarekin prozesu hori nola gelditu ikasi dugu: inflamazioaren erantzuna hasten denean, birusaren kontrako botikak baino garrantzitsuagoak dira inflamazioaren kontrakoak. Ospitalea kolapsatu gabe gaixo guztiei egoki erantzutea izan da gure erronka handienetakoa. Kutsatutakoen %5ek zainketa intentsiboetan bukatu du, eta gaixoek denbora asko pasatu dute ospitalean: batetik, ondo zeudela ziur egon arte ez zirelako etxera joaten; eta bestetik, zainketa intentsiboetako egoerari buelta emateko denbora asko behar delako. Osasun sistema eta ospitaleak blokeatzeko faktore pila bat zeuden, eta hori izan da guretzat pandemia honen gauza berezienetakoa.

Erronka horri aurre egin zaiola uste al duzu?

Gipuzkoan zorte handia izan dugu. Gaitza hemen beranduago hedatu denez, neurriak beste tokietan baino garaizago etorri dira. Hain zuzen, kutsatutakoen olatuaren puntara iristerako hartu zituzten konfinamenduko neurriak, eta horrek ahalbidetu zuen olatuari buelta ematen hastea. Donostiako ospitalea prest zegoen olatu handiagoa jasateko; gauzak oso ondo egin dira zentzu horretan. Adibidez, beste espezialitateetako medikuak gaitzaren inguruan formatzen hasi ginen, beharra izanez gero, haiek ere prest egon zitezen. Izan ere, gaixo asko egon da ospitaleratuta; horietako asko ZIUn.

Konfinamendua arintzen hasi dira. Estutasun hori pasatu dela ematen du. Honi buelta ematea posible izango al da?

Teoria asko eta iritzi kontrajarriak daude. Batzuk okerrenean jartzen dira, eta esaten dute jendea pixkanaka immunizatu arte, geldiezina izango dela; hau da, gaitza pasatu eta haren kontrako antigorputzak sortu arte. Gripearekin gertatzen den antzera, aldika olatuak izango direla diote. Beste batzuk optimistagoak dira, eta berriz halakorik gertatzen den ala ez ikusi egin beharko dela diote horiek. Nire ustez, hemen izango dugu gaitza, baina ez dakit datorren udazken-neguan gripearekin eta gaitz honekin zer gertatuko den: batek besteari gaina hartuko dion, biak batera azalduko diren...

Gaitza pasatutakoan antigorputzak sortzen direla ziurtatuta al dago?

Ez, orain ari dira horren inguruko artikuluak argitaratzen. Badaude behin pasatutakoan bizitza osorako babesa ematen duten gaitz batzuk, baina beste batzuek sortzen duten erantzuna jaisten joaten da denborarekin, eta berriro kutsa daiteke. Koronabirusaren ezaugarriak ikusita, pasatutakoan babesa emango digula diote batzuek, eta beste batzuek, hori ikusteko dagoela. Infekzioa pasatu dutenek badituzte antigorputzak, baina ikusi egin behar da horiek odolean zenbat irauten duten eta gaitzaren beste agerraldi batean antigorputz horiek babesteko nahikoa izango al diren. Bada kontuan hartu beharreko beste aldagai bat: birus hauek mutazioak izaten dituzte normalean. Mutazio horiek zeresana izan dezakete lorturiko babes horretan, modu batera edo bestera. Galdera hori gizartean dago, baita komunitate zientifikoan ere.

Garrantzitsua al da testak herritar denei egitea?

Emaitzak hor daude, eta autokritika egin behar dugula uste dut. 2003. urtean, zabaltzen joan zen SARS 2 CoV2 koronabirus gaitza. Hark ere arnasbideetan erasaten zuen, eta Asia aldeko herrialdeetan zabaldu zen batik bat. Herrialde horiek COVID-19aren aurrean izan duten erantzuna mendebaldeko herrialdeetakoa baino hobea izan da. Testen kontua beste era batera egin dute. Baliabideak diagnostiko azkarra egitera bideratu dituzte hasieratik, eta kutsatutakoen inguruko kontaktu guztiak aztertu eta berrogeialdian jarri dituzte, eta jarraipena ere egin diete. Kutsatze katea mozteko egin dute hori, eta Hego Korean, Singapurren, Tailandian... kontrolatu egin dute infekzioa. Alemania izan da mendebaldean gaitza ondoen kontrolatu duen herrialdeetako bat, test asko egiteko estrategia jarraitu baitzuen hasieran. Beste herrialdeetan ez gara estrategia hori erabiltzeko gai izan. Aztertu egin beharko da zergatia, eta hori nola hobetu ere bai. Pertsonek elkarri infekzioa kutsatzea saihestu nahi badugu, infekzioaren diagnostiko azkarra egin behar zaie sintoma gutxi dituenari edota kutsatutakoren batekin kontaktuan egon denari. Horiek identifikatutakoan, inguruko kontaktuak aztertu eta berrogeialdian jarri behar dira. Hori behar-beharrezkoa da etorkizunean infekzio katea moztu nahi bada. Testak egitearen aldekoa naiz.

Birusarekin bukatzeko txertoa falta da. Urruti ikusten al duzu erremedio hori?

Immunizazio naturala denborarekin gertatuko dela eta horrek jendeari babesa emango diola uste dut. Baina horretarako denbora asko behar da, eta ez da doakoa izango; izan ere, bide horretan heriotza asko eragin ditzake gaitzak. Gaitzari aurre har dakioke jendea babestuz, eta txertoa da horretarako modu egokienetakoa. Gaur egun, ehun txerto hautagai baino gehiago ari dira ikertzen, eta batzuk dagoeneko ari dira gizakietan frogak egiten. Normalean, txertoa sortzeko prozesua urteetakoa izaten da; kasu honetan, ordea, batzuek egindako aurreikuspen onenak kontuan hartuta, 2021eko urtarrilean arrisku handieneko sektoreetan txertoak erabiltzen hasteko aukera egongo da. Dena den, tentuz hartu beharreko kontua da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Txertoa atera bitartean, egunerokoan hartutako neurriekin egin beharko al zaio aurre gaitzari?

Txerto on bat izango da gaitzari aurre egiteko erreminta egokienetakoa. Denok gaude horren esperoan, baina bitartean, orain arteko neurri guztiak hartu beharko ditugu. Kasuen diagnostiko eta kontaktuen detekzio eta isolamendu goiztiarrak garrantzi handiagoa izango dute bitarte honetan. Gaitz moderno bati erantzuteko neurri oso tradizionalak eta klasikoak dira horiek, baina eraginkorrak dira. Gure bizimoduan asko eragiten duten neurriak dira; inork ez du nahi horiek gure eguneroko bizitzaren parte izatea.

Mugikortasunak eta globalizazioak gaixotasun berriak sortzea eta hedatzea eragiten al dute?

Infekzio bat nola zabaldu daitekeen ikusteko balio izan zigun 2003ko SARS gaitzak. 2009ko gripearekin, berriz, garbi gelditu zen arnasbideetatik kutsa daitekeen gaixotasun bat berehala zabaldu daitekeela munduan zehar. COVID-19 gaitzak hedatze hori garrantzitsua eta arriskutsua izan daitekeela erakutsi digu. Hori zergatik gertatzen da? Azterketak sakonagoa izan behar lukeela iruditzen zait, baina susperraldian diren gaixotasunek hainbesteko indarra zergatik hartzen duten azaltzen duten hainbat teoria daude. Teoria horietako askok diote globalizazioak badaukala zerikusia, eta egun infekzio horiek gero eta maizago ikusteko baldintzak daudela ere bai. Ingurumenean gertatzen diren aldaketa askok ere garrantzi handia dute halako gaixotasunak sortzerakoan, hala nola berotegi efektuak eta deforestazioak. Deforestazioarekin moztu egiten da kate ekologikoa; lehen inolako kontakturik ez genuen animaliekin dugu kontaktua orain, eta haien gaitz asko gugana pasatzeko arriskua handiagoa da. Gaitzak sortzeko eta zabaltzeko arrazoi asko daude, eta horietako askok gure bizimoduarekin dute lotura: globalizazioa, elkartrukea, berotegi efektua... Balorazio orokorra egin behar da, ez da arinkerietan gelditu behar. Arazoaren errudun bat aurkitu nahi izaten dugu beti, eta orain saguzarrari edo pangolinari egotzi nahi zaio errua. Erruduna topatuta dena konpontzen dela pentsatu ohi da, baina hori ez da arazoa. Arazoa da animalia hori zergatik infektatu den, gaitza gizakira zergatik pasatu den eta zergatik zabaldu den jakitea.

Osasun langileon lana txaloz eskertu dute herritarrek. Nola hartu dituzu txalo horiek?

Sentimendu kontrajarriekin hartzen nituen txaloak. Alde batetik, poztu egiten zara jendeak egiten duzun lana eskertzen duelako. Beste aldetik, baina, inpotentzia eta ardura puntu bat sentitzen dituzu. Osasun langileok pertsona batek behar duena emateko gaude, baina gaixo guztiak batera ospitaleratzeak eta haiek behar bezala artatzeko gai ez izateak ardura eragiten zidan. Orain arte gutaz gehiegi arduratu ez diren erakunde asko gu goraipatzen eta eredu gisa jartzen lehenak izan dira; hau da, mutur batetik bestera pasatu dira, eta hori ez da kontua. Zorionez, originaltasuna erabiliz, txaloen ordua sozializatzeko eta aldarrikapenak egiteko ere baliatu du jendeak. Nik txalo gizarte guztiari eta bereziki zaharren egoitzetako langileei egingo nieke.