Koronabirusa Azpeitian

Autobus zerbitzuak gehituko ditu gaurtik aurrera Lurraldebusek linea guztietan

Uztarria.eus 2020ko mai. 30a, 14:00

Zerbitzuen maiztasuna ez dute guztiz lehengoratu oraindik, baina koronabirusarengatik ezarritako murrizketa zorrotzak alde batera utzi dituzte. Zumaia-Zumarraga linea da dagoeneko zerbitzuen %100 berreskuratu duen bakarra.

Lurraldebusen erabiltzaileek autobusean joan-etorriak egiteko aukera gehiago izango dituzte gaurtik aurrera. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, asko murriztu zuten zerbitzuen maiztasuna Urola Erdia lotzen duten autobus ibilbideek. Konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin ahala, berriz, pixkanaka hasi dira gehitzen zerbitzuak, eta gehienetan oraingoz normaltasuna berreskuratuko ez duten arren, gaurtik aurrera "zerbitzu gehitze nabarmena" izango dute, Lurraldebuseko zerbitzu horiek ematen dituen La Guipuzcoana enpresakoek azaldu dutenez.

Uneotan, Zumaia-Zumarraga joan-etorriak egiten dituen UK06 linea da ohikotasunera itzuli den bakarra; COVID-19ak eragindako murrizketak alde batera utzita, %100 berreskuratu ditu zerbitzuak linea horrek. Urola Erdiko beste sei lineatan (UK01 Azkoitia-Donostia, UK-02 Azkoitia-Tolosa, UK-03 Azkoitia-Zarautz, UK-04 Beizama-Azpeitia eta UK-05 Zestoa-Ermua) gaur indarrean jarri dituzten ordutegi berriak La Guipuzcoanaren webgunean ikus daitezke.