Koronabirusa Azpeitian

Kontziliazioarekin lanak

Urola Kostako Hitza 2020ko mai. 30a, 13:27
BeƱat Lizaso.

Halabeharrez telelana eta zaintza uztartzen ari da guraso asko martxo erdialdetik. Beste batzuek baimenen bat eskuratu dute edo eszedentzia eskatzea erabaki dute. Horietako bat da Beñat Lizaso azpeitiarra, eta bere esperientzia kontatu du Urola Kostako Hitzak gaiaz egin duen erreportajean.

Bi asteko kontua zena bi hilabetetik gora ari da luzatzen, eta ez da ziurra datozen hilabeteetan egoera bere onera etorriko denik. Eskoletako ateak martxoaren 13an itxi zituzten, eta lehendik konplikatua zen kontziliazioa erabat zaildu zaie gurasoei, bereziki ume txikiak dituztenei. Haurrak etxean egon dira konfinatuta, eta COVID-19a zabaltzea saihesteko eta bereziki adinekoak babesteko, ahal izan dutenek ez dute jo aiton-amonengana zaintza lanetarako. Horrek gurasoak behartu ditu haurren kargu egitera: askok erabaki dute telelana egitea baldintza kaskarretan, zaintzarekin batera egin behar izan dutelako, eta beste askok eszedentzia edo baimenak eskatu behar izan dituzte etxean gelditu ahal izateko. Agerian gelditu dira egungo gizarte egituraren ahulguneak, eta oraingoz behinzat agintariek ez dute alternatibarik proposatu egoera hobetzeko.

Familia adina errealitate dago gizartean, eta eskualdeko hiru herritako familia banarengana gerturatu da Hitza, nork bere esperientzia konta dezan. Ondorio nagusiak, hiru: gizarte osoari dagokiola kontziliazioan aurrerapausoak ematea; alarma egoeran umeak eta nerabeak ahaztuak izan direla; eta epe luzera begirako soluzioak ez direla ez telelana, ez eszedentziak.

Bi hilabeteko eszedentzia eta gero, 'amaman' txanda

Konfinamendua ezarri zutenean, haurren zaintzaz arduratzeko lantokian eszedentzia eskatu zuen Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982). "Nahikoa izango zelakoan", hilabeterako baimena hartu zuen martxoaren 23an, baina gero, beste hilabetez luzatu behar izan zuen "inor mareatu gabe" umeekin egoteko: "Neu etxean sartu eta listo".

Hasierako egunak ondo eraman zituzten Lizasok eta alabek, haren arabera, umeak etxean egon behar zutela "mentalizatuta" zeudelako eta koronabirusa beste konturik ez zegoelako. "Etxeko lanak egin, margotu, filmak ikusi, karta-jokoan aritu... denetarik egin genuen. Denbora aurrera joan ahala, baina, aspertzen hasi ziren umeak, eta azkenerako luze egin zaigu". 7 eta 5 urteko alabek koronabirusa zela-eta etxean egon beharra zegoela ulertu zutela azaldu du: "Lagunekin bideo-deiak egin dituzte, eta haiek ere etxean zirela ikusi zutenez, errazago ulertu dute guztia. Adin horrekin ez da gutxi etxean horrela egon behar dutela asimilatzea". Dena den, bere batean konfinamendua "ondo" igaro dutela azaldu du.

Lizaso jakitun da COVID-19a bat-batean etorri dela eta erabakiak ere berehala hartu behar izan dituztela; izan ere, haren arabera, koronabirusa "inoiz ezer ez bezala" etorri da. Baina badu kezka bat: krisialdiaren kudeaketan umeak "erabat" ahaztuak izan direla uste du. "Umeen osasuna zaindu beharrekoa bada, haurrek kalera atera behar dute".

Gainera, astelehenera arte kalean ordubetez egoteko aukera izan dute umeek, eta azpeitiarraren arabera, denbora tarte horretan ez dago ezer asko egiterik: "Umeak ezertaz jabetzen ez diren pertsonak bailiran hartu dira, baina ez da horrela. Terrazetan hamar orduz egoteko aukera izan dugu, baina umeekin kalean ordubete? Txistea da". Eta haurren konfinamendua arintzen hasi zirenean ezarritako lehen neurriak ere ez ditu ulertzen: "Umeek dirurik ez dute mugitzen, eta... Hasiera hartan umeak supermerkatura eta bankura soilik joan zitezkeen... baina zertara? Ez sinestekoa da".

Hala eta guztiz, kalera ateratzen hasi direnetik alabak "askoz ere hobeto" daudela azaldu du. "Lagunak ikusi dituzte, pixka bat jolastu dute, beren inguruneetan ibili dira, zelaian jolas egin dute… Ze, konfinamenduaren hasieran entretenitzen ziren, baina denborarekin kanpoko buelta hori faltan sumatzen zuten. Ez dut esaten eguna kalean pasatu behar dutenik, ezta gutxiago ere, baina pixka batean, arratsaldeetan hiru bat orduz laga izan baliete...".

Bi hilabete eszedentzian igarota, astelehenean hasi zen lanean berriz ere Lizaso. Hala eta guztiz, berak lanera joateko dena antolatu beharra dutela adierazi du: "Lanera gustura itzuliko nintzatekeen bizimodu normala egitea izango bagenu, baina hori ezin dugunez egin, amamak-eta etorri beharko dute haurrengana". Lehen ere eszedentzian egona zen, baina ordukoan "asko disfrutatu" zuela aitortu du: "Uda sasoia zen, eta umeekin hondartzara, igerilekura, parkera... joateko aukera izan nuen. Duela hilabete batzuk esan izan balidate bi umerekin 24 ordu etxean igaro behar ditudala... ostras!".

 

(Jarraitu erreportaje osoa irakurtzen Urola Kostako HItzaren webgunean)