Koronabirusa Azpeitian

Ez dute koronabirus kasu berririk hauteman Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko mai. 29a, 16:48

Sei kasu berri zenbatu dituzte Bizkaian, eta bat Araban; Gipuzkoan, aldiz, ez dute koronabirus kasurik atzeman azken 24 orduetan. Hiru lurralde horietan azken orduetan hildakoak hiru izan dira.

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, azken orduetan ez dute koronabirus kasu berririk zenbatu Gipuzkoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, zazpi kasu atzeman dituzte: sei Bizkaian eta bat Araban. Eusko Jaurlaritzaren arabera, beraz, 19.727 kasu baieztatu dira orain arte, zenbaketak hasi zirenetik. Hiru lurralde horietan, guztira, hiru pertsona gehiago hil dira koronabirusaren eraginez, baina Osakidetzak ez du zehazten zein lurraldetan jazo diren heriotzak. Guztira, 1.531 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusak erasanda hildakoak.

Atzokoan 3.702 proba egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2.503 PCR eta 1.199 test serologiko. Datu ofizialen arabera, zenbatutako positiboen %82'8k jaso dute senda-agiria dagoeneko (16.331), eta kutsatuen %7,8 hil dira guztira (1.531). Azpimarratzekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutsatze-indizeak 1etik beherakoa izaten jarraitzen duela: 0,65. Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek.

Osasun Sailak adierazi duenez, gaurko datuetan aldaketa egon da orain arte zenbatutako heriotzen kopuruan, klinika pribatuetan hildakoen eta sendatutakoen kopurua jakinarazi eta eguneratzeko arazo bat izan dutelako.