Koronabirusa Azpeitian

Izar Arregi: "Gazteak ondo bizi direla pentsatzen dugu; horrek kalte egiten du"

Urola Kostako Hitza 2020ko mai. 29a, 13:20

Haurrez eta adinekoez asko hitz egin da konfinamenduan, baina bada erdi ahaztuta gelditu den adin tarte bat: nerabeena. Haien egoeraz hitz egin du Izar Arregi (Azpeitia, 1976) psikologo klinikoak.

Konfinamenduan asko hitz egin da adin desberdinetako jendearen beharrez, baina zer gertatu da nerabeekin? Ahaztu egin al da adin tarte hori?

Bai, eta ez konfinamenduan bakarrik. Normalean, ohitura daukagu pentsatzeko: "Gazteak ondo bizi dira eta!". Eta gazteek mila istorio dituzte. Horrek ez du esan nahi ez direnik gustura bizi, baina eskolan gorabeherak baldin badituzte, gaizki pasatzen dute, eta beti egoten dira lagunarteko gorabehera pila bat. Autoestimu aldetik ere mila gorabehera izaten dituzte. Errusiar mendi bat bezala dira; oraintxe zeruan eta oraintxe lur azpian egoten dira. Eta gurasoek eta helduek pentsatzea gazteak ondo bizi direla... Adibidez, gazte batek parrandara irten eta gaizki pasatzen badu, bi arazo ditu: batetik, gaizki pasatu du eta hori kudeatu behar du, eta bestetik, pentsatzen du gazte guztiak ondo bizi direla eta bera bakarrik dela gaizki pasatu duena. Gazteak ondo bizi direla pentsatzen dugu, mitoa da hori, eta horrek kalte egiten du. Uste dut konfinamenduan horixe pasatu dela.

Ez da erreala gazteek arazorik ez dutela, beraz.

Ez. Gazteei ere esan behar genieke beraientzat ere estres momentu bat izango dela hau eta eragina izango duela egunerokotasunean. Errealitate horretatik hitz egin beharrean eta beren egoera ulertu beharrean, estali egin dugu gertatzen ari dena. Eta gainera, exijitu egin diegu.

Zer exijitu zaie?

Eskola kontuan, adibidez. Irakasleak oso estresatuta ibili dira, baina gazteentzat ere izugarri zaila ari da izaten etxetik jardutea. Lehen nahiko nota onak ateratzen zituen jendea moldatu da, baina lehen eskolak desmotibatzen zuen jendea edo zailtasunak zituena okerrago dago orain. Konfinamendu garaian asko entzun dut ikasle batzuei Interneta edo ordenagailuak falta zaizkiela. Eta hori horrela da, eta hainbat udalek jarri dituzte baliabideak, baina horrekin ez da konpontzen desmotibazioa. Guraso asko ikusi ditut minduta udalak ordenagailua oparitu dielako eta hala ere semea edo alaba ezin delako eskolako lanak egiten jarri. Eskola kontuan oso estresatuta egon dira gazteak, eta beren egoera ulertu beharrean, helduok geure beharrei eman diegu garrantzia; ez gara ohartu gazteari horrek zer eragin diezaiokeen. Ez gara konturatu gazteek ere mila istorio dituztela etxean, anai-arrebekin, beren buruarekin.... Gazte bakoitzaren etxea eta familia mundu bat da, eta une honetan agian ez da inportanteena gizarte, euskara edo eskolako edukia.

Gazteak nola sentitu dira egoera honetan?

Gazte batzuk oso eroso eta ondo ikusi ditut. Lagunartean erdizka eta kuadrilla berrietara ezin egokituta zebiltzanei sekulako lasaitasuna eman die etxean egon beharrak; batzuetan jokoz kanpo sentitzen zirenek sekulako arindua hartu dute. Beste gazte batzuek, gurasoen lana tarteko, ez dute etxean haiekin egoteko aukera handirik izaten, eta horiei ere ondo etorri zaie konfinamendua. Batzuek lasaitasuna sentitu dute, baina horrek Aste Santuko oporrak arte iraun die. Aste santutako oporren ondoren, beste aldaketa bat ikusi dut.

Zer aldaketa?

Batetik, gazteak eroso egon dira etxean, eta orain, irteten hasi direnean, txabolaren sindromea etorri zaie: nahiago dute toki ezagun batean eroso egon; irteteak estutasuna eragiten die. Eta bestetik, lagunarteko detaile txiki-handi mingarriak ikusi ditut. Adibide bat: kuadrillan bost kide dira, eta baten urtebetetze eguna da; lagunetako batek bideo deia egin dio urteak betetzen dituenari, eta orduan ohartu da beste hiru lagunek elkarrekin egin diotela bideo deia eta berari ez diotela abisatu. Zer pasatzen da? Lehen, eskolan edo eskolaz kanpoko ekintzetan lagun horiekin elkartzean, aurre egingo zion arazoari; orain, aldiz, nola ez dagoen eskola kirolik, ibilaldirik eta eskolaz kanpoko ekintzarik, arazo hori hor gelditzen da.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.