Amaia Peña: "Gaur egun egoera ona da Australian, eta pixkanaka normaltasunera itzultzen ari gara"

Uztarria.eus 2020ko mai. 27a, 13:31
Amaia Peña, Sydneyn.

COVID-19 pandemiak Australian harrapatu du Amaia Peña (Azpeitia, 1994). Gauza berriak probatzeko grinak bultzatu zuen azpeitiarra Australiara joatera, eta bertan bizi izan du konfinamendua azken hilabeteotan. Han, "neurriak azkar eta pixkanaka" hartu zituztela kontatu du, eta konfinamendua "oso arina" izan dela dio.  

Zer dela eta zaude gaur egun Australian? 

Baziren urte batzuk Donostian lanean hasi nintzenetik, eta aldaketa bat nahi nuen. Australiak beti erakarri izan nau herrialde bezala. Hori dela eta, Work and holliday bisa eskatzea eta hona etortzea pentsatu nuen. Bertan, lana bilatzea eta, aldi berean, bidaiatzeko aprobetxatzea da nire asmoa.

Nola eta non harrapatu zintuen COVID-19 pandemiak?

Otsaila erdi aldera Sydneyra iritsi nitzen. Aurreneko hamar egunak hostel baten igaro nituen, eta gero etxe batera aldatu nintzen. Konfinamenduak bertan harrapatu ninduen. 

COVID-19ak hankaz gora jarri du mundua. Asko aldatu al ditu zure eguneroko errutina eta zure ohiturak?

Kafetegi batean ari nintzen lanean duela hilabete inguru, eta COVID-19a tarteko lanik Gabe gelditu nintzen. Orain, beste lan aukera batzuen bila nabil, eta bitartean, Sydney eta inguruko txokoak eta hondartzak bisitatzeko aprobetxatzen ari naiz. Hemen egin nituen lagunetariko batzuek beren herrialdeetara itzultzea erabaki zuten, eta haiekin nuen harremana ere eten du pandemiak. Dena den, zorionez harreman oso ona dut pisukideekin, eta plan ugari egiten ditugu batera. 

Ondo eraman al dituzu konfinamendu garaiak?

Bai. Hemengo konfinamendua oso arina izan da. Beti egon da kirola kalean egiteko aukera, eta bizitza soziala kalean egin ezin bazen ere, bagenuen lagunekin etxean elkartzeko aukera.

Gaur egun, nolakoa da han duzuen egoera? Giroa lasaiagoa al da?

Une hauetan lasaia da egoera. Gobernuak jarritako neurriak hasieratik nahiko ondo errespetatu direnez, gaur egun egoera ona dago Australian, eta pixkanaka normaltasunera itzultzen ari gara.  

Zein prebentzio neurri daude indarrean? Hemen hartu direnekin alderatuz, neurri eraginkorragoak izan direla pentsatzen al duzu?

Hemen neurriak garaiz eta pixkanaka hartu zituztenez, oso eraginkorrak izan dira. Hasieratik ezarritako neurrietatik indarrean dagoen bakarra jendearen arteko distantzia mantentzearena da. Baina hor ez bezala, hemen maskarak ez dira derrigorrezkoak.  

Koronabirusaren egoeraren larritasuna ikusita pentsatu al zenuen Azpeitira itzultzerik?

Ez. Denbora gutxi neraman Australian COVID-19a hedatu zenean. Hilabete eta erdi besterik ez. Hori dela eta, hemen gelditzea erabaki nuen.

Jarraitzen al duzu Azpeitiko berri?

Bai. Familiarekin eta lagunekin ia egunero hitz egiten dut, eta beraiek kontatzen didate Azpeitiko berri: zein diren neurri berriak, beraien bizitza nola aldatu den pandemia dela eta…

Noiz aurreikusten duzu hona itzultzea?

Momentuz, urtebeteko bisa dut, baina ez daukat itzultzeko datarik. Beraz, denborak esango du.