Giovanna Lombardi: "Etxean bezala sentiarazi nauen jendea aurkitu dut Azpeitian"

Uztarria.eus 2020ko mai. 28a, 11:03
Giovanna Lombardi, Donostian. (Utzitakoa)

Duela zortzi urte ezagutu zuen Euskal Herria, eta iaz gelditzea erabakita itzuli zen, Azpeitira, Majanotik (Friuli-Venezia Julia, Italia) etorrita. Bere bizipenak kontatu dizkio Lombardik Mailo Oiarzabal kazetariari 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian, Hementxe bertan ataleko elkarrizketan.

Venezuela, Italia eta orain Euskal Herria. Ez zara geldirik egotekoa.

Venezuelan jaio nintzen, Puerto Cabellon. 11 urterekin iritsi nintzen Italiara, familiarekin. Fusinen bizi izan nintzen hasieran, Friuli-Venezia Julia eskualdean, Austriako eta Esloveniako mugetatik gertu. Eskualde bereko hainbat herritan bizi izan naiz. Hona iritsi aurretik, Majanon bizi nintzen eta taberna batean egiten nuen lan; 14 urte nituenetik aritu izan naiz zerbitzari lanetan.

Ezagutzen al zenuen Euskal Herria Azpeitira etorri aurretik?

2012an etorri nintzen lehen aldiz, oporretan. Hamabost egun pasatu nituen hemen, eta izugarri gustatu zitzaidan; paisaia ikusgarriak eta pintxo zoragarriak! 2017an itzuli nintzen, baina hiru egun besterik ez nituen egin orduan. Hala ere, bihotzean gordeta nuen ordurako Euskal Herria. 2019an, motxila hartu eta abentura berri bati ekitea erabaki nuen. Horrela iritsi nintzen Azpeitira.

Eta zer moduzko harrera izan zenuen hemen?

Oso ona. Berehala etxean bezala sentiarazi nauen jendea aurkitu dut Azpeitian, oso abegikorra. Taberna batean hasi nintzen lanean, eta bertan jarraitzen dut. Han lanean hasi nintzenean ikasi nituen euskarazko lehen hitzak. Inguruko jendeari eta bezeroei eskerrak eman beharrean nago, nirekin izaten duten pazientziagatik, eta erakutsi didaten elkartasunarengatik ere bai.

Zergatik duzu hain gustukoa Euskal Herria?

Itsasoa ondoan duen hiri batean jaio eta mendi artean dauden herrietan hazia naizelako dela uste dut. Euskal Herrian biak dauzkat eskura, itsasoa eta mendia, eta hori da gehien gustatzen zaidana. Itsasoa zainetan daramat, eta esploratzeko gogoa ere oso dut neurea.

Zer da Italiatik faltan gehien sumatzen duzuna?

Ia ezer ez, egia esan, ezer aipagarririk ez, behintzat. Txoratzen nago hemen aurkitu dudanarekin eta bizitzen ari naizen esperientziarekin, opari baten antzekoa ari da izaten niretzat.