Koronabirusa Azpeitian

Kutsaturik gabeko beste egun bat Gipuzkoan

Uztarria.eus 2020ko mai. 25a, 15:42

Kasuen beheranzko joera nabarmena da, baina gorabeherak nabari dira egun batetik bestera. Izan ere, herenegun ez zen hildakorik izan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta atzo sei lagun hil ziren. Gainera, zortzi lagun kutsatu dira azken orduetan hiru herrialde horietan.

Bosgarren egunez jarraian, Osakidetzak ez du koronabirus kasurik atzeman Gipuzkoan. Kasuen beheranzko joera nabarmena da, baina gorabeherak ere nabari daitezke; izan ere, Araban, Bizkian eta Gipuzkoan sei lagun hil dira azken orduetan –atzoko datuen arabera, berriz, ez zen hildakorik izan herenegun–. Gainera, zortzi lagun kutsatu dira azken orduetan hiru herrialde horietan. Nafarroako datuak ez ditu jakinarazi oraindik hango gobernuak.

Azken egunetan COVID-19 gaitza atzemateko proba gehiago egiten ari da Osakidetza. Atzo, esaterako, 1.617 proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 1.367 PCR proba eta 350 test azkarrak. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.392 positibo zenbatu dituzte hiru probintzia horietan, eta pertsona horien %89,8k jaso dute senda-agiria (17.417). Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira: 1.500 pertsona. Atzoko moduan, 33 lagun daude ZIUn ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, kutsatu bakoitzak 0,69 pertsonari pasatzen dio birusa gaur, birusak mantentzeko behar duen kopurutik (1) behera.