Koronabirusa Azpeitian

Astelehenean irekiko dituzte autoeskolak, eta aurrez aurreko eskolak ematen hasteko aukera izango dute

Uztarria.eus 2020ko mai. 23a, 18:16

Astelehenetik aurrera, autoeskolek aurrez aurreko nahiz online bidezko eskolak emateko baimena izango dute. Gaur argitaratu dute erabakia Espainiako Aldizkari Ofizialean. Datorren astean berrartuko dituzte gidabaimena ateratzeko azterketak ere.

Astelehenean, konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartzearekin batera, irekiko dituzte autoeskolak, eta aurrez aurreko eskolak nahiz Internet bidezkoak eskaintzeko baimena izango dute. Espainiako Gobernuak gaur eman du erabakiaren berri Espainiako Aldizkari Ofizialean (EAO). 

Autoeskolek aurrez aurreko eskolak emateko aukera izango dute, beti ere autoeskolaren aforoaren herena gainditzen ez badute. Era berean, eskola presentzialak eskaini ahal izateko ezinbestekoa izango da autoeskoletan osasun neurriak betetzea. 

COVID-19 pandemiaren ondorioz, martxo hasieran itxi behar izan zituzten autoeskolak, eta orduz geroztik bertan behera daude gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoak zein praktikoak. Ia hiru hilabeteren ostean, astelehenean, hasiko dira autoeskolak irekitzen bigarren fasera igarotzen diren autonomia erkidegoetan, eta egun horretan bertan ekingo dio Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ohiko jarduerari. Beraz, datorren astetik aurrera hasiko dira berriro gidabaimena ateratzeko azterketekin, bigarren fasera sartzen diren autonomia erkidegoetan. Gidabaimena ateratzeko praktiketan ikasleek zein irakasleek maskara erabili beharko dute ezinbestean.