Koronabirusa Azpeitian

Etxeetan eta espazio publikoan biltzeko aukera izango da astelehenetik aurrera

Uztarria.eus 2020ko mai. 23a, 15:44

Konfinamenduaren arinaldiaren bigarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria astelehenean, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jarraitu beharreko arauak jakinarazi berri ditu Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, ordutegien mugak desagertuko dira hein handi batean, eta gehienez, hamabost pertsona biltzeko aukera izango da, beti ere, segurtasun neurriak errespetatuta.

Arantxa Tapia Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Nekane Murga Osasuneko sailburuak gaur, zapatua, jakinarazi berri dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datorren astelehenetik aurrera izango diren arau aldaketak. Printzipioz, datuen bilakaerak positiboa izaten jarraitzen badu, ekainaren 7ra arte luzatuko da bigarren fasea, eta deseskalatzeko epe tarte horretan hainbat neurri arinduko du Jaurlaritzak.

Ordutegiei dagokienez, mugikortasuna ez da orain arteko orduetara mugatuko. 70 urtetik beherako herritarrek edozein ordutan ateratzeko aukera izango dute kirola egitera edo paseatzera, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara izan ezik. Ordu tarte horiek 70 urtetik gorakoek kirola egiteko izango dira. Dena den, erosketak egitera edo tabernetara edozein ordutan joateko aukera izango dute horiek ere. Orain arte bezala, bizilekua ezarritako probintziaren barruan mugitu ahalko dute herritarrek, eta probintzia batetik bestera mugitzeko aukera bakarrak arrazoi sozioekonomikoak edo menpekotasuna duten edota pertsona adinduen bisitak izango dira.

Bada lehen fasetik bigarrenera igarotzeak ekarriko duen beste aldaketa narbamen bat: etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko lekuetan jendea elkartzea ere baimenduta egongo da astelehenetik aurrera. Gehienez hamabost pertsonak elkartu ahal izango dute, eta horiek beti jarraitu beharko dituzte segurtasun arauak: bi metroko distantzia eta higiene neurriak.

Taberna, jatetxe eta saltokiak

Ostalariek lokalen barruan zerbitzua eskaintzeko parada izango dute astelehenetik aurrera, edukieraren %50arekin. Barruan ere, beharrezkoa izango da bi metroko distantziak mantentzea mahaitik mahaira, eta bezeroek une oro eserita egon beharko dute. Terrazetako jarduerak, berriz, orain arte bezala jarraituko du.

400 metro koadro baino gehiago dituzten saltiko handiak irekitzea ere baimenduta egongo da astelehenetik aitzinera, baina horietan edukieraren %40 soilik sartu ahalko da. Soziedadeetara joatea ere posible izango da astelehenetik aurrera, baina ostalaritzako guneen baldintza berak bete beharko dira leku horietan. Alegia, edukieraren erdia bete ahal izango da bertan, eta garbitasun eta desinfekzio arau zorrotzak jarraitu beharko dituzte elkarte gastronomikoetara joaten direnek.

Kultura eta aisialdia

Kultura eta aisi jarduerak berriz hasiko dira martxan datorren astelehenetik aurrera. Museoak zabalduko dituzte, horiek ere, %50eko edukierarekin, eta zinema aretoetan eta bestelako aretoetan aforoaren herena –gehienez, 50 pertsona– sartu ahalko dira. Mendi ibilaldiak eta naturarekin lotutako aisiko jarduerak ere baimenduta egongo dira, baina gehienez, 20 pertsonako taldeetan gauzatu beharko dira.

Hezkuntza

Astelehenetik aurrera hezkuntza eta formakuntza berriro martxan jartzeko baldintzak argitaratu dituzte gaurko Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian.Tapiak jakinarazi duenez, batxillergoko lehen eta bigarren mailak eta lanbide heziketako gradu guztietako lehen eta bigarren mailak ikasgeletara itzuli ahal izateko baldintza eta irizpideak jaso dituzte bertan; izan ere, astelehenetik aurrera jarduerari berrekin ahal izango diote hezkuntza zentroek. Era berean, bigarren fasean bestelako hezkuntza arloak ere hasiko dira martxan. Euskaltegiak, formakuntza eskolak edo arte eta kirol eskolak, esaterako, aurrez aurreko jardunarekin hasteko moduan izango dira astelehenetik aurrera.

Tapiaren esanetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "sendo eta lasai" igaro dira bigarren fasera, baina herritarrei pazientzia izateko eta arduraz jokatzeko eskatu die, eta azpimarratu du "benetan garrantzitsua" dela guztiek segurtasun eta higiene neurriak errespetatzen jarraitzea. "Guztiok gara kontziente esfortzu handia egin dugula, eta bigarren fase honetara pasatzeak esan nahi du guztiok erantzukizunez jokatu dugula. Dena den, pazientzia eta erantzukizuna eskatzen dugu, oraindik bidea geratzen zaigu".