Udalak lehiaketara atera ditu Donejakue kaleko etxebizitzak eraikitzeko lanak

Uztarria.eus 2020ko mai. 21a, 21:00
Donejakue kaleko 7. zenbakiko etxebizitzen maketa. (Azpeitiko Udala)

Donejakue kaleko 7. zenbakian etxebizitzak eraikitzeko lanak lehiaketara atera ditu Azpeitiko Udalak. Lanak esleitutako enpresak kontratua sinatzen den unetik, hemezortzi hilabete izango ditu etxebizitzak eraikitzeko.

Azpeitiko Udalak Donejakue kaleko 7. zenbakian lau etxebizitza egiteko lanak lehiaketara atera ditu, eta ekainaren 1a, astelehena, bitartean izango da eskaintzak egiteko epea. Lanak esleitzen zaizkion enpresak kontratua sinatzen den unetik hemezortzi hilabeteko epea izango du etxebizitzak eraikitzeko, eta lan horiek 691.796 euroko aurrekontua izango dute.

Josu Labaka udaleko Hirigintzako zinegotziak azaldu duenez, koronabirusa dela-eta "etenda" egon dira epe administratiboak: "Alarma egoeraren ondorioz, epe administratiboak etenda daude, baina udala lanean aritu da, eta aukera dagoenean, orain kontratazio hau bezala, beste prozesuak ere abian jarriko ditugu". Bestalde, Esklabak-Iturzulo eremuko bigarren faseko zozketa atzeratu egin behar izan zutela ere azaldu du Labakak: "Alegazio epea etenda dago oraindik, eta alegazio epea bukatzea ezinbestekoa da zozketa egin ahal izateko. Hala ere, zozketa ahalik eta azkarren egiteko aukerak aztertzen ari gara". Era berean, zinegotziak azaldu du eremu horretako lehen faseko lanak "martxa onean" doazela.

Udalak etxebizitza premiaren inguruko galdeketa egin zuen herritarren artean duela urte batzuk, eta 2019ko udaberrian hasi zituen Esklabak-Iturzulo eremuan etxebizitzak eraikitzeko lehen faseko lanak. Horrez gain, Donejakue kaleko eta Bustinzuriko errebaleko babestutako etxebizitzak esleitzeko zozketa ere egin zuten. Labakak azpimarratu duenez, Bustinzuriko errebaleko etxebizitzak eraikitzeko lanen lehiaketa "epe motzean" abiatuko dute.