Ikasgeletarako itzulera mugatua prestatzen

Uztarria.eus | Hezkuntza
2020ko mai. 21a, 14:01

Datorren astelehenetik aurrera, DBH4ko eta Batxilergoko bi mailetako ikasleak ikaslegeletara itzultzen hasiko dira, baita Azpeitian ere. Hala ere, ez dira itzuliko maila horietako ikasle guztiak, eta itzuliko direnek talde txikietan egingo dituzte aurrez aurreko saioak. Errefortzuko eskolak, unibertsitaterako hautaproba prestatzekoak edota azterketak egingo dituzte herriko ikastetxeetan. Batzuek zehaztuta dute itzulera mailakatu eta mugatu horren egutegia, eta besteak prestatzen ari dira egunotan. 

Hilaren 18an itzultzeko asmoa atzera bota behar izan ondoren, datorren astelehena, maiatzak 25, da Eusko Jaurlaritzak ikasleak geletara itzultzen hasteko ezarri duen data. Itzulera gauzatzeko, hori bai, konfinamendua arintzeko prozesuaren 2. fasean sartzea beharrezkoa izango da, fase horretan aurreikusten baitu Espainiako Gobernuak ikastetxeak berrirekitzea. Jakina da, era berean, DBH4ko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleei soilik eragingo diela itzulerak; hortik beherako mailetako ikasleak ez dira ikasgeletara itzuliko ikasturte honetan, eta irailaren 7rako ezarri du Jaurlaritzak datorren ikasturtearen hasiera.

18ko hasierako epemugarako ez bezala, Azpeitiko ikastetxeak prest daude edota prestatzen ari dira orain gelak irekitzeko. Horretarako, badakite espazioak eta azpiegiturak moldatu beharko dituztela. Eusko Jaurlaritzak ikastetxe guztiei igorri dien gutxieneko protokoloan oinarrituta, bakoitza bere erara ari da moldatzen, edo nola molda daitekeen aztertzen, koronabirusaren osasun larrialdia dela-eta ezinbestean hartu beharko dituzten segurtasun eta babes neurriak bermatzeko.

Zehaztutakoak eta zehazteke daudenak

Uneotan desberdinak dira herriko ikastetxe batzuen eta besteen erritmoak, baina guztiek aurreikusten dute datozen asteetan aurrez aurreko eskolak ematea. Guztiak bat datoz, era berean, ez direla gelara itzuliko goian aipatutako hiru mailetako ikasle guztiak. Eta itzultzen direnak talde txikietan edota banaka -saioaren arabera- nola moldatu ere esku artean dute. Ikasturtearen ohiko egutegiaren barruan ere hirugarren ebaluaketatik aurrerako saioak ez dira, normalean, ohiko eskolak izaten; ikasle guztiek ez dute joan beharrik izaten. Hala ere, gaur egungo egoeran ohikoak baino murritzagoak izan beharko dute taldeek, eta askoz zorrotzagoak segurtasuna eta higienea bermatzeko neurriak.

Hirugarren ebaluazioa telematikoki bukatu dute denek, eta errefortzu saioak emateko, unibertsitaterako hautaprobak prestatzeko edota azterketak egiteko soilik irekiko dituzte ikasgeletako ateak Urola Ikastolan, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean. Hiru ebaluaketak gainditu dituzten DBH4ko eta Batxilergo 1eko ikasleek, beraz, ez dute gelara joan beharrik izango -aurreko mailaren bateko ikasgaiak gainditu gabe ez badituzte, behintzat-. Batxilergo 2koen kasuan, gehientsuenek izango dute aurrez aurreko saioren bat, selektibitatea prestatu behar badute bai, behintzat.

Urola Ikastola da datozen asteetako aurrez aurreko saioen egutegia zehaztua duen bakarra, baita astelehenean bertan lehen saioak egingo dituena ere. Batxilergo 2ko ikasle batzuk izango dira gelara itzultzen aurrenak, Batxilergo 1eko ikasgairen bat gainditu gabe dutenak, hain zuzen ere. Hortik aurrera, ohiko zein ez ohiko azterketak eta errekuperaketak izango dituzte ekainean zehar Batxilergo 1eko eta 2koek, eta azken horiek baita selektibitatea prestatzeko eskolak ere. DBH4ko ikasleak, berriz, ekainaren 15etik aurrera itzuliko dira ikastetxera, ohiko eta ez ohiko azterketak egitera.

Ikasberrin eta Iraurgin, aldiz, oraindik ez dute zehaztuta ikasgeletara itzultzeko egutegia. Hilaren 25ean hastea ez dute aurreikusten, baina bai aurrerago aurrez aurreko saioak egitea, errefortzukoak, errekuperaketak zein unibertsitaterako sarbidea prestatzekoak. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu