Alarma egoera ekainaren 7ra arte luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak

Uztarria.eus | Politika
2020ko mai. 20a, 20:40

Hilabete edo hilabete inguru luzatzea nahi zuen Espainiako Gobernuak, baina hamabost egunez luzatuko dute berriro, orain arteko luzapenetan erabili duten epe bera errepikatuz. Besteak beste, Ciudadanosen eta EAJren aldeko bozen babesa izan dute PSOEk eta Podemosek. EH Bildu abstenitu egin da gaurkoan ere.

Plaza, hutsik.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko ezarritako alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea onartu du gaur Espainiako Kongresuak. Horrenbestez, ekainaren 7ra arte luzatuko da alarma egoera. PSOE eta Podemos koalizio gobernuko kideen eta Ciudadanos, EAJ, Mas Pais eta beste alderdi erregional batzuetako ordezkarien aldeko botoekin onartu dute martxoaren 15ean lehen aldiz ezarri zuten alarma egoeraren bosgarren luzapena. Guztira, 177 aldeko boto jaso ditu proposamenak. EH Bilduk abstentziora jo du, aurreko luzapenetan bezala. Oposizioko bi talde nagusiek, PPk eta VOXek, kontra bozkatu dute; baita Kataluniako alderdiek ere, ERC-k, JuntsxCatek eta CUPek. Luzapenaren kontrako botoak, guztira, 162 izan dira.

Alarma egoeraren azken luzapena izatea aurreikusten den luzapen hori hilabetekoa edo hilabete ingurukoa izatea nahi zuela aurreratu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak joan den astean. Baina luzapenari babesa emateko behar zituen botoak lortu ahal izateko, hamabost egunera mugatu behar izan du azkenean, aurreko lau luzapenen epe bera errepikatuz, Ciudadanos alderdia ez zegoelako prest alarma egoera gehiago luzatzeko.

Alarma egoera koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko "beharrezkoa" dela berretsi du Sanchezek; "bide hau da birusa garaitzeko modu bakarra", esan du, eta beste alternatiba juridikorik ez dagoela ere bai. Bosgarren luzapen hau aurrekoekiko desberdina izango dela ere nabarmendu du eta erkidego autonomoek orain arte ez bezalako ardurak eta eskumenak izango dituztela aurreratu du, "gobernantza partekatua" areagotzeko. Hain zuzen ere, osasunaren oinarrizko arretan erkidegoek erabaki ahalmena berreskuratuko dutela jakinarazi du presidenteak, aginte nagusia Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren esku egongo den arren.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu