Koronabirusa Azpeitian

Maiatzaren 25etik aurrera irekiko dituzte autoeskolak, eta gidabaimena ateratzeko azterketak berrartuko dituzte

Uztarria.eus 2020ko mai. 20a, 16:30

Bigarren fasera igarotzen diren autonomia erkidegoetan gidabaimena ateratzeko azterketak hurrengo astean hasiko direla jakinarazi die Espainiako Trafiko Zuzendaritzak autoeskolei. Martxotik itxita daude autoeskolak, eta gidabaimena ateratzeko azterketak bertan behera utzita. Hori dela eta, azterketen epeak "asko" atzeratuko direlakoan daude autoeskoletako arduradunak.

COVID-19 pandemiaren ondorioz, martxo hasieran itxi behar izan zituzten autoeskolak, eta orduz geroztik bertan behera daude gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoak zein praktikoak. Ia hiru hilabeteren ostean, astelehenean, maiatzaren 25ean, hasiko dira autoeskolak irekitzen bigarren fasera igarotzen diren autonomia erkidegoetan, eta egun horretan bertan ekingo dio Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ohiko jarduerari. Beraz, datorren astetik aurrera hasiko dira berriro gidabaimena ateratzeko azterketekin, bigarren fasera sartzen diren autonomia erkidegoetan. 

Maite Agirrezabala Azpeiti autoeskolako arduraduna da, eta hark azaldu duenez, beraiek astelehenean irekiko dute autoeskola. Nahiz eta berriro lanean hasteko aukera izango duten, kezkatuta daude autoeskoletako ordezkariak. "Martxoaren 13an itxi genuen eskola, eta astelehenean zabalduko dugu. Orain arte, online bidez egiteko testak eskaini dizkiegu ikasleei, baina gutxi izan dira Internetez ikasten aritu direnak. Izan ere, bertan behera gelditu ziren azterketak, eta ikasleei horrek desmotibazioa eragiten die, ez baitakite noiz ahalko duten gidabaimena atera", azaldu du Agirrezabalak. Autoeskola irekitzean, osasuna bermatzeko "neurri zorrotzak" hartuko dituzte, eta autoeskolaren barruan egon ahalko diren ikasleen kopurua mugatuko dute. Azterketa praktikoak, aldiz, banaka egingo dituzte. 

Gidabaimena ateratzeko datak "asko" atzeratuko direlakoan dago Azpeiti autoeskolako arduraduna, eta horrek ere kezkatzen du: "Lehen izandako grebaren ondorioz, asko atzeratuta doaz azterketak, eta orain are gehiago atzeratuko dira, hiru hilabetez ez baita probarik egin". Etorkizunean zer gertatuko den jakiterik ez dagoela dio Agirrezabalak, baina "zain gelditzea besterik ez" dutela adierazi du: "Bi hilabetez geldirik egon gara, eta orain ez dakigu ikasleak animatuko diren autoeskolan izena ematera. Gainera, orain jende asko gelditu da lanik gabe, eta gidabaimena ez da lehen mailako beharra zenbaitentzat". Maiatzean eta ekainean, ikasleek eskolak bukatzen dituzten garaian, izaten dugu lan gehien. Hain justu sasoi horretan irekiko ditugu autoeskolako ateak, eta horrek lanerako aukera ematen digu behintzat".