Uemak bertan behera utzi ditu udalerri euskaldunetako gazteen topaketak

Uztarria.eus | Euskara
2020ko mai. 19a, 17:46

COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ez dituzte egingo ekainaren 29tik uztailaren 5era Zumaia eta Lekeitio artean egitekoak ziren udaleku ibiltariak. Dena den, urtearen bukaeran gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da Uema, hezkuntza araututik kanpo gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea "giltzarria" dela uste duelako.

Uemaren iazko topaketetako irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak bertan behera utzi ditu ekainaren 29tik uztailaren 5era egitekoak ziren topaketak. COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, ez dituzte egingo Zumaia eta Lekeitio artean egitekoak ziren udaleku ibiltariak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen ingurun sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko antolatzen ditu topaketak, eta aurten egitasmoaren laugarren edizioa ziren egitekoak. Dozenaka lagunek eman dute topaketetarako izena aurten ere, baina ezin izango dituzte gauzatu, "aurreikusita bezala egiteko baldintzarik ez dagoelako".

Dena den, urtearen bukaeran gazteentzat beste zerbait eskaintzea aztertzen ari da Uema, hezkuntza araututik kanpo gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea "giltzarria" dela uste duelako. Uemaren hezkuntza arduradun Jokin Urangak azaldu duenez, "kolpe gogorra" izan da topaketak bertan behera uztea, baina Gabonetako oporren bueltan-edo beste molde bateko topaketak egitea aztertzen ari direla adierazi du.

Euskal Herriko udalerri euskaldunetako gazteek parte hartzen dute Uemaren topaketetan, eta aurtengo ediziorako izen-ematea zabaltzearekin Oasia ahalduntzen izeneko honako erreportaje hau argitaratu zuen Uztarriak, iazko edizioan parte hartu zuen Unai Bereziartuarekin eta Jokin Uranga Uemaren hezkuntza arduradunarekin hitz eginda.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu