Koronabirusa Azpeitian

Saninazioetako zezenketak, bertan behera

Uztarria.eus 2020ko mai. 19a, 16:56

Zezenzale Batzordeak jakinarazi duenez, COVID-19 pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz ez dute zezenketak egiteko "baldintza errealik" ikusten, eta horregatik erabaki dute zezenketak bertan behera uztea. Martxoan iragarri zituzten aurtengo zezenketen datak eta ganadutegiak. Koronabirusaren krisia tarteko, urte luzez izandako tradizioa etengo da aurten. 

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak bertan behera utzi ditu 2020ko saninazioetako zezenketak, COVID-19 pandemiak eragindako osasun krisia tarteko. Hain zuzen, ez dute zezenketak egiteko "baldintza errealik" ikusten, eta hori dela eta hartu dute erabakia, zentzuzkoena hori dela iritzita. 

Martxoan iragarri zituen Zezenzale Batzordeak aurtengo zezenketen inguruko lehen xehetasunak, eta ordurako ia dena lotuta zuten arren, bertan behera utzi behar izan dituzte antolatutako hitzorduak. Aurten, uztailaren 31an eta abuztuaren 1ean eta 2an ziren zezenketak egitekoak, eta Ana Romero (Cadiz, Espainia), Murteira Grave (Mourão, Portugal) eta La Palmosilla (Cadiz, Espainia) ganadutegietako zezenak toreatu behar zituzten Azpeitiko zezen plazan. Toreatzaileak zein izango ziren, aldiz, itxi gabe zuten. 

Zezenzale Batzordeko Javier Beobidek azaldu duenez, abendu edo urtarrila aldera hasten dira zezenketak antolatzen. "Guk zezenei ematen diegu garrantzia. Lehenik ganadutegiak aukeratzen ditugu, eta ondoren toreatzaileak. Noski, Azpeitian izaten dugun aurrekontua mugatua da, ez da Donostian edo Bilbon izaten dutena bezainbestekoa. Horrenbestez, dugunaren arabera antolatzen dugu feria", azaldu du. Zezenzale Batzordeko kideak adierazi duenez, "pozik" daude azken urteetan saninazioetako zezenketek izandako harrerarekin, haien hitzetan, "jende ugari" bertaratu baita zezen plazara.

Nekez gogoratuko ditu norbaitek nobilladarik edo zezenketarik gabeko saninazioak, urte askotako tradizioa izan baita Azpeitiko historian. Hori dela eta, aurtengoa urte berezia izango da, herriko festen historian gogoratuko dena. "56 urte ditut, eta nik, behintzat, ez dut zezenketarik gabeko saninaziorik ezagutu", dio Beobidek. Aurten zezenketak bertan behera uzteak "hutsunea" utziko duela adierazi du Beobidek, baina hurrengo urtean zezenketak egiteko eta horietaz gozatzeko aukera izatea espero dute Zezenzale Batzordeko kideek.