Ehundik gora lagun elkartu dira Azpeitiko plazan, Patxi Ruiz presoarekin elkartasunean

Uztarria.eus | Politika
2020ko mai. 19a, 09:29

Elkarretaratzea izan zen atzo, astelehena, Azpeitiko plazan, maiatzaren 11tik gose eta egarri greban dagoen Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko eta "presoek jasaten duten egoera tamalgarria" salatzeko. 20:30ean hasi zen kontzentrazioa, eta ehundik gora lagun elkartu ziren plazan Patxi Ruizekin elkartasuna, amnistia osoa lelopean. Azpeitiko Gaztetxeak, Zestoako Gaztetxeak, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak, Urolako Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak deitu zuten atzoko elkarretaratzea.

Murtzia II espetxean dago Ruiz, eta duela bederatzi egun hasi zen gose eta egarri greban presoen eskubideak aldarrikatzeagatik espetxeko zuzendaritzaren eta kartzelazainen partetik jasotako mehatxuen aurrean. Presoa "egoera horretara eraman zuen gatazka" lehenago hasi zela nabarmendu zuten atzoko elkarretaratzean: "Salbuespen egoera honek presoen baldintzen okertzea ekarri du, bisitak edota gutunak ukatu zazkie presoei eta asistentzia juridiko nahiz medikurik gabe daude hainbat kartzeletan, nahiz eta kartzelak birusaren hedapenerako leku oso arriskutsuak diren eta preso asko gaixotasun kronikoekin bizi diren. Patxi Murtziako kartzelan dago, Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Han maiatzaren 5etik hainbat presok kontzentrazioak egiten zituzten hainbat aldarrikapenekin: kondena betetzear zeuden presoak askatzea, bisitak ez ukatzea, osasun materiala lortzea, testak egitea eta gertuko baten heriotza kasuan hiletara joan ahal izatea. Maiatzaren 9an, ordea, presoa kartzelako zuzendaritzako hainbat kidek mehatxatu egin zuten kontzentretako arduradun izatea leporatuta. Egoera larri honen aurrean Ruizek besoetan ebakiak egin zituen eta gose eta egarri greba hasi zuen kartzelako osasun langileek ere egoera gutxiesten zutela ikusita. Hortik aurrerakoa badakigu, gorputza horrelako egoera larri batean 4-5 egunera huts egiten hasten da eta osasun egoera larriki okertzen da". 

Argazkiak: Krisiaren Seme-alabak eta Uztarria. 

Irakurketa osorik, hemen: 

"Zortzigarren eguna du gaur Patxi Ruiz euskal preso politikoak egarri eta gose greban presoen aldeko eskubideak berma ditzaten errespetatzeko. Azken egunotan beste hainbat preso politikok ere Patxi Ruizen grebari babesa emateko dinamikak hasi dituzte: Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado txapeoan daude, eta Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano, Saioa Sanchez eta Itziar Moreno kartzelak ematen duen bandejako janaria ukatzen ari dira. Halaber, Mikel San Sebastianek bi egunez kartzelako janari bandeja ukatu zuen. Kalean ere hasi dira hainbat lekutan gose grebak egiten Ezkerraldean eta Ondarroan, eta mota honetako dinamikek aurrera jarraitzen dute rotatiboki, Deuston, Bilbon eta Gasteizen. Horietaz gain, hainbat eta hainbat izan dira Euskal Herriko txokoetan egindako babes dinamikak Patxi Ruizekiko, mobilizazioak, elkarretaratzeak eta ekintza ezberdinak.

Zortzi egunez dago ezer jan gabe eta ezer edan gabe Patxi Ruiz preso politikoa. Baina presoa egoera horretara eraman zuen gatazka lehenago hasi zen Murtziako (Espainia) kartzelan. Salbuespen egoera honek presoen baldintzen okertzea ekarri du, bisitak edota gutunak ukatu zazkie presoei eta asistentzia juridiko nahiz medikurik gabe daude hainbat kartzeletan, nahiz eta kartzelak birusaren hedapenerako leku oso arriskutsuak diren eta preso asko gaixotasun kronikoekin bizi diren. Patxi Murtziako kartzelan dago, Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Han maiatzaren 5etik hainbat presok kontzentrazioak egiten zituzten hainbat aldarrikapenekin: kondena betetzear zeuden presoak askatzea, bisitak ez ukatzea, osasun materiala lortzea, testak egitea eta gertuko baten heriotza kasuan hiletara joan ahal izatea.

Baina maiatzaren 9an presoa kartzelako zuzendaritzako hainbat kidek mehatxatu egin zuten kontzentretako arduradun izatea leporatuta. Egoera larri honen aurrean Patxik besoetan ebakiak egin zituen eta gose eta egarri greba hasi zuen kartzelako osasun langileek ere egoera gutxiesten zutela ikusita. Hortik aurrerakoa badakigu, gorputza horrelako egoera larri batean 4-5 egunera huts egiten hasten da eta osasun egoera larriki okertzen da.

Zortzigarren eguna du gaur, baina atzo adierazi zutenaren arabera, koherentzia eta konbikzio osoz dihardu bere borrokan Patxik oraindik. Elkarretaratze honen bitartez, Patxi Ruizen eta presoen kartzeletako egoera tamalgarria salatu nahi dugu. Basakeria kapitalistaren alderik gordinenetakoa da kartzela, eta salbuespen egoera honetan eskubide guztiak deuseztatu zaizkie sistematikoki Estatu aparatuen partetik, beraz, kalean ere eskubide hauen aldarrikapena aurrera eramatea dagokigu antolakuntzaren eta presioaren bitartez.

Horrekin batera, Patxi Ruizi gure babes osoa adierazi nahi diogu. Herri honetako borroka politiko historikoaren alde dena eman zuelako kalean, eta oraindik dena ematen jarraitzen duelako ziegan, presoen eskubideak aldarrikatuz eta jasandako mehatxuak salatuz. Patxi Ruizena, beraz, borroka politiko hori aurrera eramaten gabiltzan kide guztion aldeko borroka da, ezarri zaigun bizimodu injustuaren aurka borrokan dihardugunon aldeko borroka.

Azkenik, uste dugu amnistia osoa beharrezko baldintza dela langileon antolakuntzarako, bizi eredu justu eta aske bat eraikitzera bidean. Egun batetik bestera egoera hankaz gora jarri daitekeen testuinguru latz honetan, adi egotera eta etorriko diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu".

Bidali:  

Erantzunak

kattagorria | 2020-05-19 : 09:56

Krisiaren seme alabak eta gurasoak atzetik zaintzen!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu