Koronabirusa Azpeitian

Oinherriren jardunaldi digitalean parte hartuko dute Azpeitiko Herri Hezitzailea taldeko kideek

Uztarria.eus 2020ko mai. 19a, 12:30
Azpeitiko Herri Hezitzaileko kideak.

Maiatzaren 26an, asteartea, Oinherri elkarteak jardunaldi digitala egingo du sarean, eta bertan izango dira Azpeitiko Herri Hezitzailea taldeko kideak. 18:00etan hasiko da saioa, eta hainbat herritako kasuak elkarbanatuko dituzte bertan.

Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartea martxoaren 28an zen egitekoa Durangon (Bizkaia) herri hezitzaileen aurtengo jardunaldia, baina COVID-19 gaitzak behartuta, hilaren 26an, asteartez, jardunaldi digitala egitea erabaki du. 18:00etan hasiko da jardunaldia Oinherriren Youtubeko kanalean, eta Azpeitiko Herri Hezitzailea taldeko kideek parte hartuko dute bertan, besteak beste.

Hasteko, Oinherri zer den eta herri hezitzaileen filosofia zertan datzan azalduko dute saioan, eta ondoren, filosofia horrekin bat egiten duten herrietako taldekideekin mahainguru bat egingo dute. Hain zuzen ere, saio horretan izango da Egoitz Arruti Azpeitiko Herri Hezitzaileko kidea eta udaleko zinetgotzia Azpeitiko kasua azaltzen. Gainera, Maite Azpiazu azpeitiarra izango da mahainguruaren dinamizatzailea. Jose Mari Agirretxe Porrotx pailazoa, Idoia Ramirez Okariz eta Pasaiako (Gipuzkoa) nahiz Dimako (Bizkaia) herri hezitzaileetako ordezkariak izango dira saioan parte hartuko duten beste kideetako batzuk.

Saioa irekia izango da, baina honako lotura honetan izena eman beharko da aurrez. Azpeitiko Herri Hezitzailea taldeko kideek Oinherriren jardunaldi digitalean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

2012tik martxan

2012. urtean sortu zen Oinherri elkartea, eta ordutik, herri hezitzaileen inguruko hainbat jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte urtero-urtero. Herri Hezitzailea filosofiaren barruan, Euskal Herri osoko hezkuntzako, euskararen arloko eta aisialdiko hamalau eragilek osatzen dute Oinherri, eta zazpi balio dituzte oinarrian: haurtzaroaren kultura aitortzea eta errespetatzea, parte-hartzea eta erabakitzeko ahalmena eskaintzea, aisialdi hezitzailea, harremanetan euskara lehenestea, aniztasunean berdin eta parekide jokatzea, ingurune kulturala eta naturala zaintzea eta komunitate sarea zein auzolana.