Koronabirusa Azpeitian

Herritarren beharra, "inoiz baino gehiago"

Uztarria.eus 2020ko mai. 17a, 13:31

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Azpeitia Zaindu kanpaina berria jarri dute martxan, COVID-19ak sortutako kalteen aurrean bertako merkataritza eta ostalaritza txikia sustatzeko helburuarekin. 50 euroko balioa izango duten 1.500 txartel edo bono aterako dituzte, eta erosleek 35 eurotan eskuratu ahal izango dute horietako bakoitza. Herriko merkatari eta ostalari guztiak batu daitezke kanpainara.

Udalak bideo bat kaleratu du kanpaina horren harira, eta Nagore Alkorta alkateak herrian kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu du bertan, besteak beste. Karmele Zabaleta Bertan merkatari elkarteko lehendakariak, berriz, nabarmendu du merkatariek herritarren beharra dutela "inoiz baino gehiago".