Koronabirusa Azpeitian

Alarma egoera beste hilabetez luzatzea eskatuko du Espainiako Gobernuak

Uztarria.eus 2020ko mai. 16a, 17:13
Jose Artetxe kalea, hutsik. (Alex Berasategi)

COVID-19 gaitzaren ondorioz ezarritako alarma egoera beste hilabetez luzatzea eskatuko dio Espainiako Gobernuak Kongresuari. Hala iragarri du Pedro Sanchez presidenteak eguerdian eskainitako prentsaurrekoan.

Koronabirusa ez hedatzeko alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak martxoaren 15ean. Gaitzari aurre egiteko etxean geratzeko agindu zien herritarrei, eta baita mugimenduak ere murriztu zituen. Ordutik, alarma egoeraren luzapenak eskatu dizkio Kongresuari. Azken luzapena maiatzaren 24an bukatzen da, baina egoera beste hilabetez luzatzea eskatuko duela iragarri du gaur eguerdian Pedro Sanchez presidenteak. 

Azken luzapena izango dela nabarmendu du Sanchezek, eta, ekainean zehar, arinaldia bukatu arte, iraungo duela iragarri du. Alarma egoerak emaitza onak eman dituela aipatu du, "bai kutsatu asko izan dituzten lurraldeetan, baita gutxi izan dituztenetan ere". Zuhurtzia eta segurtasun neurriak defendatu ditu horregatik, "jarraitzen ari garen bidea da eta bakarra". 

Kongresuak luzapena onartzen badu, alarma egoera Osasun ministerioak gidatuko duela adierazi du, autonomia erkidegoekin batera. "Aste batzuez bada ere, eskubide batzuk murriztuta egongo dira, zirkulaziokoak, adibidez", azaldu du presidenteak. "Herritarrak libre mugitzea eta elkartzea murriztu behar dugu, kutsatzeko arrisku handia dagoelako oraindik", azpimarratu du Sanchezek.