Gipuzkoako 56 alkatek Foru Funtsaren murrizketa adostea eskatu diote Aldundiari

Uztarria.eus | Ekonomia
2020ko mai. 15a, 13:00

Diputatuen Kontseiluak maiatzaren 12an onartu zuen Udalen Finantzaketa Foru Funtsa %20 murriztea, eta erabaki hori atzera botatzeko eskatu diote Gipuzkoako 56 alkatek; tartean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Erabakia "aldebakarrez" hartu izana salatu dute eta "irtenbidea adostea" eskatu diote foru diputatuari.

Diputatuen Kontseiluak maiatzaren 12an onartu zuen Udalen Finantzaketa Foru Funtsa (UFFF) %20 murriztea, eta erabaki hori atzera botatzeko eskatu diote Gipuzkoako 56 alkatek Jabier Larrañaga Ogasun diputatuari gutun bidez. Hain zuzen ere, alkate horiek erabakia "aldebakarrez" hartu izana salatu dute eta "irtenbidea adostea" eskatu diote foru diputatuari. Gutuna sinatu duten alkateen artean da Nagore Alkorta. Izan ere, Azpeitiko Udalak aurreikusitakoa baino 2,16 milioi euro gutxiago jasoko ditu funts horretatik aurten.

Gutuna sinatu duten alkateek lau proposamen egin dituzte: Foru Funtsa bueltatzeko onartutako erabakia atzera botatzea; 2020ko udalen aurrekontu aurreikuspenak bere horretan mantentzea; zerga bilketaren jaitsieraren ondorioz Foru Funtsak izandako beherakada itzultzeko hiru urteko epealdia ezartzea datorren urtean hasita eta interesik gabe; eta aldundiak hogei milioiko dirulaguntza bideratzea udalerara COVID-19ak sortutako gainkostuak arintzeko.

COVID-19aren eraginez, zergetatik diru gutxiago bilduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak; %20-25 gutxiago biltzea aurreikusten du erakundeak. Horren ondorioz %20 gutxiago bideratuko du udalen finantzaketara. Aldundiko Diputatuen Kontseiluak funtsa murrizteko foru dekretua onartu zuen joan zen asteartean, baina Gipuzkoako Finantza Kontseilua gaur, ostirala, bilduko da Donostian, eta bilkuran hizketagai izango dute proposamena.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu