Koronabirusa Azpeitian

Pilotalekuetan, herrien arteko lehiarik ez

Uztarria.eus 2020ko mai. 15a, 14:07
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finaleko irudia.

Herriarteko pilota txapelketek hasita behar lukete honezkero, baina asteek aurrera egin ahala gero eta garbiago dute eskualdeko pilota klubek ez dutela aurten herrien arteko lehiarik izango.

COVID-19 gaitzak eragin zuzena izan du pilota munduan ere. Bi hilabete daramatzate eskualdeko pilotariek pilotalekurik zapaldu gabe. Gainera, hasita behar zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak. Eskuzko, gomazko paletako zein zesta-puntako txapelketetan eman zuten izena Urola Kostako herriek aurten ere, tartean Azpeitiak.

Hamaseina herri zeuden izena emanda eskuzko eta gomazko paletako herriartekoetarako. Bost edo zazpi herri ziren parte hartzekoak larruzko paletakoan eta pala motzeakoan; eta zesta-puntan, aldiz, lau herriren artean ziren erabakitzekoak aurtengo txapelduna. Azpeitia, azken urteetako moduan, eskuzko eta gomazko paleta modalitateetan zen parte hartzekoa. 

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak ez du Herriarteko Txapelketaren gaineko behin betiko erabakirik hartu oraindik. Une honetan, klubek dakiten bakarra da txapelketak bertan behera geldituta daudela. Egutegiaren barruan sartzekotan, federazioak argi du Herriarteko Txapelketek amaituta beharko luketela ekainaren bukaerarako. Horregatik, balizko aukera bat du mahai gainean eskuzko eta gomazko paleta modalitateetarako.

Proposamen horren arabera, kanporaketak jardunaldi bakarrera jokatuko lituzkete, zozketa bidez erabakitako klubaren herrian. Ondorioz, bi partida irabazten dituen herriak egingo luke aurrera txapelketan. Halere, partida horiek ikuslerik gabe jokatuko lituzkete, eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak garbi azaldu du: "Herriartekoa publikorik gabe egitea ez du begi onez ikusten federazioak". Itxura guztien arabera, beraz, baieztapen ofizialik eman ez duten arren, aurten ez da Herriarteko lehiarik jokatuko. 

Sentimendu gazi-gozoa

Xabier Aldalur Azpeitiko Ilunpe taldeko kidek azaldu duenez, "pena" hartu dute erabakia jakitean: "Publiko aldetik jende gehien mugitzen duen txapelketa da Herriartekoa. Pilotarientzat eta klubarentzat jokatzeko dagoen txapelketa ederrena da. Pena da aurten ez jokatzea". Halere, federazioak ekainean jokatzeko egin duen balizko aukera "ez jokatzea baino hobea" dela dio Aldalur azpeitiarrak. Garbi dute herrien arteko txapelketak sortu ohi duen mugimendurik ez litzakeela sortuko aurten, baina jokatzea "egokia" delakoan daude. "Txapelketa bertan behera gelditzea baino egokiagoa izan daiteke era batera edo bestera jokatzea", dio Aldalurrek.

Azpeitia iaz azpitxapeldun izan zen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan, 1-2 galdu zuen Astigarragaren aurka. Aurretik 2004an, 2008an2010ean2015ean2016an eta 2017an, eta 2018an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia; izan ere, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.