Koronabirusa Azpeitian

Sarean merkeago, saltokian ezin

Uztarria.eus 2020ko mai. 15a, 12:00

Saltoki fisikoetako produktuetan merkealdirik ezingo dela ezarri ohartarazi zuen herenegun Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak, eta haren adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Xabier Aldalur Bertan merkatari elkarteko kideak azaldu duenez, dendariak "haserre" daude erabakiarekin.

Saltoki fisikoetan dendariek ezingo dute beherapenik jarri; Internetez, aldiz, bai. Halaxe jakinarazi zuen Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak herenegun, eta zalaparta eragin du gaiak dendarien artean. Xabier Aldalur Bertan Azpeitiko merkatari elkarteko teknikariak azaldu duenez, saltoki txikiak "diskriminatzea" da erabaki hori hartzea.

Espainiako Gobernuak Aldizkari Ofizialeko xedapen gehigarrian jakinarazi zuen, aglomerazioak saihesteko helburuarekin, ez zela posible izango saltoki fisikoetan merkealdia egitea, bai, ordea, online eginez gero. Aldalurrek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lasaitasun mezua zabaldu zuen ohar baten bidez, eta "aglomerazioak saihestuta" nahiz "osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartuta" saltoki fisikoetan ere merkealdia egiteko aukera izatea mahai gainean jarri zuen. Halere, alarma egoera dela eta, Espainiako Gobernuak du horretarako eskumena, eta Illak ez zuen halakorik iragarri bere adierazpenetan.

Aldalurren arabera, "lehendik ere txarra" zen dendarien egoera are gehiago okertu liteke neurri honekin: "Desabantaila da saltoki txikientzat, marka handiek jan egingo baitituzte". Ildo horretatik, Aldalurrek azpimarratu du beherapenak erregulatu behar liratekeela: "2012. urtera arte, urtean bi merkealdi egoten ziren: negukoa urtarrilean, eta udakoa, uztailean. Gutxienez, egoera horretara bueltatzea eskatzen dugu". Izan ere, Aldalurren esanetan, marka handiak "gero eta lehenago" hasten dira beren saltokietan eta sarean beherapenak eskaintzen, eta egoera hori ikusita, dendari askok gauza bera egiten dutela nabarmendu du: "Dendari askok ikusten dute beren dendan duten produktu bera merkeago ari direla saltzen beste leku batean, beherapena ezarrita".

Neurri berri honek saltoki txikien elkarteen aspaldiko aldarrikapena "areagotu" egin duela aitortu du azpeitiarrak, eta merkealdia erregulatzeko eskatu diete erakundeei: "Merkealdia Interneten eta establezimendu fisikoetan ezartzen utziko balute ere, saltoki txikiak galtzen aterako lirateke. Horregatik eskatu dugu hasieratik merkealdia atzeratzea eta erregulatzea". Aldalurrek gaineratu du, dendariak "haserre" daudela erabakiarekin, eta "diskriminatuta" sentitzen direla, ez dutelako sarean saltzen duten saltokiek duten aukerarik beren produktuei beherapenak ezartzeko: "Dendari askok denboraldiko arropaz beteta dute biltegia, eta neurri honekin arazoa are handiagoa bilakatu zaie", gaineratu du Aldalurrek. Gauzak horrela, gaur-gaurkoz, online ez bada, saltoki txikietako dendariek beren produktuei ezingo diete beherapenik ezarri, eta Aldalurren arabera, Azpeitian ez dira asko aukera hori eskaintzen duten dendak.