Koronabirusa Azpeitian

Hasi dira maskara berrerabilgarriak banatzen

Uztarria.eus 2020ko mai. 13a, 22:08

COVID-19 gaitza dela-eta Azpeitiko Udalak herritarren artean banatzeko ekarri dituen 15.000 maskara berrerabilgarriak gaur hasi dira banatzen. Hain zuzen ere, gaur, bihar eta etzi, 18:30etik 20:30era, 65 urtetik gorakoak dira dagozkien maskarak jasotzeko aukera izango duten herritarrak. Udalerriko hamalau tokitan jarri dituzte horretarako mahaiak, eta horietako bakoitzean izendatutako kale eta auzoetako bizilagunek jaso ditzakete maskarak, pertsona bakoitzarentzat bat.

Maskaren banaketaren lehen egun honetan ez da ilara handirik sortu eta maskaren bila joan diren herritarrek aparteko arazorik gabe eta eroso jaso ahal izan dituzte, banaketa egiten ari diren boluntarioen eskutik. Bihar eta etzi, gaurko leku eta ordutegi beretan izango da 65 urtetik gorakoentzat maskarak eskuratzeko aukera.