Koronabirusa Azpeitian

Maddi Mendizabal: "Oso uda arraroa izango da denontzako, eta ezjakintasuna izango da nagusi"

Uztarria.eus 2020ko mai. 14a, 12:00

Badira aste batzuk COVID-19 gaitza dela-eta zeruan hegazkinik ia ikusten ez dela, eta airelineek hainbat neurri hartu behar izan dute egoera horri aurre egiteko. Maddi Mendizabal (Azpeitia, 1989) airelinea bateko hegazkineko laguntzailea da, eta bere egoera zein den azaldu dio Uztarriari.

Koronabirusak hankaz gora jarri du turismoa, eta horrekin batera, airelineen jarduna. Zein da egoeraz egiten duzun irakurketa?

Airelineek ez ezik, turismo alor osoak jaso du kolpe latza, eta horrek herrialdeen ekonomian ere eragina izan du. Jende asko gelditu da edo geldituko da langabezian, eta momentuan dugun egoera aldatzen ez bada, geroz eta zailagoa izango da lehen bidaiatzen genuen bezala bidaiatzea. Hemendik aurrera gauza asko aldatuko dira nire ustez, eta lehengo egoerara bueltatzeak luze joko du.

COVID-19a agertu zenetik tokatu al zaizu hegaldiren batean lan egitea?

Koronabirusa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan agertu zenean, hegaldiak normal ari ginen egiten, eta nik itxialdiaren aurreko egunean egin nuen lan azkenengoz. Konfinamenduaren aurreko egunetan jendea arduratuta ikusten nuen, baina esango nuke normaltasunez ari ginela lanean. Hori bai, koronabirusa Txinan agertu zenean oporretara joan nintzen, Taiwanen eskala egin behar izan nuen, eta han kutsatzeak saihesteko neurriak handiak ziren; aireportuetan tenperatuta hartzen zizuten eta maskara jantzi behar zen aireportuan.

Lan egiten duzun konpainiak lana aldi baterako erregulatzeko txostenik ezarri al du?

Bai. Joan zen apirilaren 1ean ezarri zuten lana aldi baterako erregulatzeko txostena, eta oraindik ere egoera horretan jarraitzen dugu. Ni erabat geldirik nago, baina langile batzuk ari dira hegaldi batzuk egiten.

Jakinarazi al dizute noiz arte jarraituko duzun egoera horretan?

Ez dakigu ezer gai horren inguruan. Pentsatzen dut egoerak baldintzatuko duela gure egoera ere.

Airelineen elkarteak (ALA) azaldu duenez, Espainiako estatuan 900.000 lanpostu arriskuan daude koronabirusa dela eta. Arriskuan ikusten al duzu zure lanpostua?

Zaila da hori aurreikustea.

Aire trafiko ia guztia desagertu da koronabirusa hasi zenetik, eta egoerak luzerako joko duela ematen du.

Bai, halaxe da. Espainiako estatuan egoera nola aldatzen den ikusi beharko dugu. Hasteko, ea Espainiako estatu barruan bidaiatzen uzten diguten, eta ondoren, ea nazioarteko bidaiekin hasten diren pixkanaka-pixkanaka. Dena den, orain arte bidaiatu dugun moduan egin ahal izateko itxaron egin beharko dugula iruditzen zait.

Hegaldiak martxan jartzen dituztenean ere, neurriak hartuta izan beharko du. Zer aldatuko da?

Zaila da hegazkin batean distantzia neurriak bermatzea, bai hegazkinaren dimentsioagatik, bai ekonomia bideragarritasunagatik. Hasieran, cateringa eta halako beste zerbitzuak alde batera utzi beharko ditugu, bezeroekin ahalik eta harreman gutxien izateko. Beharbada, hegazkinean bidaiatzearen kontzeptua aldatu egin beharko dugu, eta gure lana segurtasuna bermatzera bideratu beharko dugu. Halere, niri egoera askorik ez aldatzea gustatuko litzaidake; izan ere, bezeroarekin inongo harremanik ez izatea oso hotza izango da, bai guretzat, baita beraientzat ere.

Nazioarteko hegaldiak herrialdeen erabakien esku daude.

Herrialdeak eta helmugako herrialdeak zerikusi handia dute. Oporretara joan eta hamabost egun hotelean egon behar bada, ez dut uste jendea bidaiatzera animatuko denik.

Ate joka dugu uda, eta ezbairik gabe ezohikoa izango da. Hegaldiekin zer gertatuko dela iruditzen zaizu?

Espero dut Espainiako estatu barruan mugitzen uzten digutenean, hegaldiak martxan hasiko direla. Hegaldiak egin arren, ordea, jendearen jarrera nolakoa den ere ikusi egin beharko da, jende asko ez baita animatuko hegazkinean sartu eta bidaiatzera. Oso uda arraroa izango da denontzako, eta ezjakintasuna izango da nagusi.