Koronabirusa Azpeitian

Eusko Jaurlaritzak dio eskolek "autonomia" izango dutela itzuleraz erabakitzeko

Uztarria.eus 2020ko mai. 12a, 17:17

Eskolek "irizpide pedagogikoak" lehenetsi beharko dituzte erabakiak hartzeko garaian. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. Aurrez esandako mailetako ikasleei bakarrik eragingo lieke erabaki horrek. Azpeitiko ikastetxeetako arduradunekin hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Datorren astelehenean, "osasun egoerak aukera emanez gero", ikasleak pixkanaka ikasgeletara itzultzen hastea da Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Hala iragarri zuen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den astean. Itzulera mailakatua izango dela aurreratu zuen, eta aurrez aurreko eskolak gauzatzeko hainbat segurtasun neurri hartuko dituztela. Baina itzulerarako egun gutxiren faltan, dena dago airean.

Orain dio eskolek autonomia izango dutela itzulera nola egin erabakitzeko, printzipio horrek ardaztuko duela ikasleen ikasgeletarako itzulera zer-nolakoa izango den ikasturte amaiera honetan. Beharrak non dauden erreparatu, eta "irizpide pedagogikoak" aintzat hartuta erabaki ahal izango dutela zer-nola jokatu. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete hartutako erabakia. Ebatzi dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edota den-denak. "Errealitate ezberdinak" daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela defendatu dute.

Jokatzeko era horren berri atzo eman zien administrazioak Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariei, eta poza adierazi zuten haiek: ikastetxeen "autonomia" aintzat hartu izana ona dela esan zuten, eskola bakoitzak ezaguten baititu hobekien ikasleen beharrak eta eskolaren egoera.

Hezkuntza Sailak lehengo astean asmoa adierazi zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleak maiatzaren erdialdetik aurrera ikasgeletara itzultzeko, eta era horretan amaitzeko ikasturtea. Haserrea eta ezinegona eragin zuen erabaki horrek hezkuntzako eragile askoren artean; hitzartu gabeko erabakia izan zela deitoratu zuten. Aste honetan eragileekin bilerak egiten jarraitu du administrazioak, eta horien barruan heldu da eskolen "autonomia" lehenetsita eskolako itzulera ebazteko proposamena.

"Autonomia" horren harira, soilik aurrez aipatutako ikas mailetako ikasleen gaineko itzulerari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira. Gainerakoak ikasgeletara ez bueltatzeko "osasun irizpideek" lehengoan jarraitzen dutela esan dute, eta ezin dela horietan inolako aldaketarik egin.

Herriko eskolak, itzulera antolatzen

Azpeitiko eskolek oraingoz ez dute jaso itzulera antolatzeko autonomia gehiago izango dutenaren jakinarazpen ofizialik, eta bakoitza bere modura ari dira itzulera eta ikasturte bukaera antolatzen. Datorren astelehenean adierazitako mailetako ikasle guztiak ikasgeletara itzultzeko aukera hasieratik "bideraezina" iruditu zitzaien Urola ikastolako arduradunei, 278 ikasle direlako, eta aukera hori mahai gainean jarri ere ez zutela egin adierazi du Miren Zubizarreta zuzendariak. "Guk erabaki duguna da hirugarren ebaluazioa online bukatzea". Azken kalifikaziorako kontuan izango dute hirugarren ebaluzioa. "Beste biak baino pisu txikiagoa izango du, baina izango du, ikasleak lan pila bat egiten ari direlako etxean dauden asteotan". DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehen mailako ikasleen kasuan, gainditzen dutenek, bukatutzat emango dute ikasturtea. Ikasgaiaren bat geratzen zaienek, berriz, errekuperazio azterketak egin beharko dituzte, baina aurrerago aztertuko dute horiek nola egin. "Aukera legoke modu presentzialean egiteko, baina ikasle kopuruak baldintzatuko du hori, denen segurtasuna bermatzea delako gure lehentasuna". Behin errekuparazio azterketak bukatuta, selektibitatea egin behar duten ikasleen txanda etorriko litzateke, "sanferminak bitartean badagoelako tartea horiek selektibitatea prestatzera ikasgeletara bueltatzeko".

Aitor Cordoba Iraurgi ikastetxeko zuzendariaren ustetan ere, denak ikasgeletara itzultzeko aukera ez zen bideragarria, ez zegoelako ikasleen eta irakasleen segurtasuna bermatzeko modurik. "Oraindik ofizialki ez digute jakinarazi autonomia izango dugun kontu hori, baina hala bada, askoz hobe, aukera izango genukeelako erabakitzeko zein ikasle itzuliko diren eta zein ez". Beharraren arabera erabakiko lukete zeintzuk itzuliko diren eta zeintzuk ez. "Beharrik gehiena dutenak selektibitatea egin behar duten ikasleak eta lehendabiziko bi ebaluazioak gainditu ez dituztenak dira". Beraz, orain aztertu beharko dute ikasle horien itzulera nola antolatu, osasun arau guztiak betetzen direla bermatuz. "Orain, agian, itzulera antolatzeko egun batzuk gehiago hartzeko aukera izango dugu, ez delako nahitaezkoa izango astelehenean bueltatzea, eta guk nahiago dugu gauzak ondo egitea, presaka eta halamoduz egitea baino. Ikasleen eta langileon osasuna zaintzea da lehentasuna eta hori bermatzeko modua dugunean itzuliko gara eskolara".     

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ere aztertzen ari dira itzulera nola antolatu. Batetik, Jaurlaritzak emandako irizpideak hartzen dituzte kontuan; eta bestetik, Ikastolen Elkarteak ematen dituenak. "Egunotan ditugu bilerak Ikastolen Elkartean, eta talde bezala nahiko genuke erabakiak hartzea", adierazi du Arantxa Bidezabal zuzendariak. "Erabakia izan daiteke elkarteko ikastola guztiok modu berean jokatzea edo izan daiteke ikastola bakoitzak itzulera eta ikasturte bukaera bere erara antolatzea, dauzkagun baliabideen arabera etabar". Erabakia gaur-biharretan hartzea espero duela du esan du Bidezabalek.