Koronabirusa Azpeitian

Irune Boo: "Benetan eskertzekoa da une zailetan jendeak erakusten duen inplikazioa"

Uztarria.eus 2020ko mai. 12a, 18:54
Irune Boo.

Herritar orori eragin dio COVID-19 gaitzak ekarri duen alarma egoerak. Badira une zailak bizitzen ari diren pertsonak, baita egoerara uste baino hobeto egokitu direnak ere. Irune Boo (Azpeitia, 1979) Antxieta etxeko koordinatzailea da. Han adimen desgaitasuna duten pertsonentzako tutelatutako etxebizitzak dituzte, eta egoerak bete-betean aldatu du beren jarduna. Dena den, gustura da etxean ez delako positibo kasurik izan, erabiltzaileek ondo eraman dutelako egoera eta langileek jarrera izugarri ona erakutsi dutelako.

Zer moduz daramazue egoera?

Pentsatzen genuena baino askoz ere hobeto. Bat-batean etorri zen alarma egoera, egun batetik bestera dena aldatu zen, nahiz eta martxoan ikusten zen zerbait bazetorrela. Aldundiarekin dugun hitzarmenean jasota dagoenez, Antxietako etxebizitza tutelatuetan bizi diren pertsona guztiek eguneko jarduna izan behar dute, hau da, eguneko zentrora edo lantegira joan behar dute. Dena den, martxoaren 13an albisteak eta aginduak jasotzen hasi ginen, eta astelehean eguneko jarduerarik ez zela izango jakin genuen.

Zer aldaketa egin zenituzten?

Ez genekien zer egin; izan ere, guk ez dugu 24 orduko zerbitzua eskaintzen, beste zerbitzu batzuekin osatzen dugu eguna. Zapatuan bildu ginen Atzegiren etxebizitza tutelatuetako arduradunak eta zuzendaria, eta goiz hartan zerbitzu osoa berrantolatu genuen. Astelehenetik aurrera erabiltzaileak etxean egon behar zuten konfinatuta, baina horretarako begiraleak behar genituen. Horiek atseden egunak behar dituzte, neurriak hartu behar ziren... Kezka handia genuen erabiltzaileek hamabost egunez etxean sartuta egon behar zutelako, baina gero luzatu egin zen konfinamendua, eta... Dena den, uste genuena baino hobeto moldatu gara. Beti esaten dugu une oro ari garela erabiltzaileengandik ikasten, eta kasu honetan ere hala izan da.

Hainbeste egun konfinatuta...

Martxoaren 14tik maiatzaren 2ra arte ez dute kalea zapaldu. Gu lanera, erosketak egitera... joan gara, irteera horiek egin ditugu, baina erabiltzaileek ez dute ateratzeko aukerarik izan. Urtarrilean galdetu izan balidate "halako pertsonak etxean iraungo duela uste al duzu?", ezetz erantzungo nukeen, batzuk oso kalezaleak direlako. Baina izugarri ondo joan da konfinamendua.

Gaur egun zenbat erabiltzaile dituzue Antxieta etxean?

Lau etxebizitza ditugu, eta hamasei lagun bizi dira horietan, bi taldetan banatuta. Arrazoi desberdinak tarteko, zazpik igaro dute konfinamendua Antxietan, eta gainerakoak beren familiekin daude martxoaren 14-15az geroztik. Ez dakigu horiek noiz itzuliko diren berriz; izan ere, horretarako eguneko zerbitzuak martxan jarri behar dituzte aurrena. Astez aste ari gara berrantolatzen, dena aldatu egiten baita asteka.

Nola moldatu zarete 24 orduko zerbitzua eskaintzeko?

Zazpi erabiltzaileekin talde bat osatu dugu, baina lanean ari diren pertsonak ohiko jarduneko bi taldeetakoak dira. Txandak osatu ditugu langileekin: bi bikotek hamabost eguneko txandak egiten dituzte. Hasierako proposamena zen denok lanean aritzea, baina ikusi genuen egunero sartu-irten ugari egiten zirela etxean. Horrek kutsatzeko arriskua areagotzen zuenez, berriz antolatu ginen lau egunera. Hamabost eguneko txandak osatu genituen; izan ere, gure kezka zen erabiltzaile edo langileren batek positibo ematea, horrek ekar zezakeen guztiarekin. Dena den, pozik gaude ez dugulako koronabirus kasurik izan etxean.

Zer neurri hartu dituzue kutsatzea saihesteko?

Erabateko konfinamendua ezarri genuen, eta bestalde, protokolo bat ere jarri genuen martxan. Egunean bitan hartzen diegu tenperatura erabiltzaileei, langileok maskarak erabiltzen ditugu, gel-ak jarri ditugu sarreran eta etxebizitza bakoitzaren atarian, langileak arropak aldatzen dituzte lanean hasterako... Lehen ere garbitzen zen etxea, baina orain are gehiago; komunak-eta behin eta berriz garbitzen ditugu, adibidez. Erabiltzaileak ere inplikatu ditugu, horretan ere egin dugu ahalegina, eta horiek norbere gelak txukuntzen dituzte goizetan, ahal duten neurrian.

Konfinamendua-eta eramangarriago egiteko nola antolatu dituzue egunak?

Lehen egunetik ikusi genuen plangintza bat behar genuela, ezin genituelako erabiltzaileak ezer egin gabe eduki etxean. Jendea aktibo mantendu behar genuela bagenekien, eta errutinak ezarri genituen. Goizean jaiki, gosaldu, etxeko lanak egin... Bakoitzaren interesak ere errespetatu nahi izan ditugu; izan ere, ohiko martxan ere egiten genituen banakako planak, eta horri eusten ahalegindu gara, etxe barruan bada ere: bati kirola egitea gustatzen zaio, beste bati irakurtzea, beste bati eskulanak egitea... Kafetxoa hartzea ere gustatzen zaie, eta goiz erdian eta arratsaldean kafe tertuliak egiten ditugu. Mahai jolasak, kirola egiteko makinak... denetarik baliatu dugu. Eta pare bat urtebetetze eta mozorro festaren bat ere egin dugu. Bestalde, bideo-deiak egin ditugu beste etxebizitza tutelatu batzuetako kideekin, gu bezala badelako jendea Atzegiren beste etxebizitza batzuetan. Eta familiengana joan diren erabiltzaileekin ere harremanetan jarraitzen dugu.

Maiatzaren 2an atera ziren erabiltzaileak lehen aldiz. Zer moduz?

Oso ondo. Energia dosia izan zela esaten zuten. Oso ondo zeuden etxean, baina hainbat egunetan nabaritzen zitzaien animoan; normala da. Berriz kalea zapaltzea... Kaleak handiagoa ematen zuela-eta esaten zuten. Larunbata zen, trafiko gutxi zegoen, eta sentipen berezia izan zen askorentzat. Ordutik, egunean behin ateratzen dira, baina dena aldatzen ari da, beraz, ikusiko dugu nola jarraitzen dugun.

Animoz nola daude erabiltzaileak? Eta nola zaudete langileok?

Erabiltzailean ondo daude, nahiz eta gora-beherak dituzten. Elkarbizitza oso estua da, 24 ordu elkarrekin igarotzen dituzte, egun asko daramatzate horrela... Baina, hala ere, ondo daramate. Eskertzekoa da begiraleen lana. Arreta zuzena ari dira ematen egunero, eta beraiek dira erabiltzaileen sostengua. Hainbat aldaketa izan dituzte lan jardunean, eta erakutsi dituzten jarrera eta prestutasuna izugarriak izan dira. Horrek eragin zuzena du etxeko dinamika eta elkarbizitza onak izatean. Benetan eskertzekoa da une zailetan jendeak erakusten duen inplikazioa.