Koronabirusa Azpeitian

Baldintzak negoziatu ezean, langileak ez direla ikasgeletara itzuliko diote sindikatuek

Uztarria.eus 2020ko mai. 10a, 12:46

ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ustez, "erabateko arduragabekeria" litzateke maiatzaren 18an ikasleak ikasgeletara itzultzea. Datozen egunetan, sindikatuak hezkuntzako eragileekin harremanetan jarriko dira egoerari buruz gogoeta egiteko eta erantzun bateratua emateko.

ELA, Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek gogor kritikatu dituzte Eusko Jaurlaritzak hezkuntza arloari lotuta joan den ostegunean iragarritako asmoak. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak zera jakinarazi zuen: maiatzaren 18an ikasgeletara itzuliko direla Batxilergoko bigarren mailako ikasleak eta Lanbide Heziketako goi mailako zikloetako bi mailetakoak eta erdi mailako eta oinarrizko mailako bigarren mailakoak; eta maiatzaren 25ean, berriz, DBHko laugarren mailakoak, Batxilergoko lehen mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako lehen ikasturtekoak. Horren aurrean, sindikatuek ohar bateratua kaleratu dute: han jasotzen denez, ikastetxeetara itzultzeko baldintzak negoziatu eta langileen osasuna bermatu ezean, maiatzaren 18an ez dira langileak eskoletara joango.

Aurrez aurreko eskoletara itzultzeko zenbait neurri ezarriko dituztela iragarri zuen Uriartek: besteak beste, metro eta erdiko distantzia utzi beharko da "eskola postuen" artean, eta maskarak erabiltzeko betebeharra izango dute ikasleek, irakasleek eta hezkuntzako gainerako profesionalek. Sindikatuen arabera, plana "motz geratzen diren segurtasun irizpide orokor batzuk jasotzera" mugatzen da.

Sindikatuek salatu dute Hezkuntza Sailak ikastetxeetara itzultzeko aurkeztutako plana ez dela negoziatu langileen ordezkariekin. "Osasun krisi honen kudeaketa guztian bezala, aldebakarreko beste erabaki inposatu baten aurrean gaude". Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren egoera ezagututa, ondorio bat atera dute sindikatuek: "Gaur-gaurkoz, langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko baldintzarik ez dago maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko".

Mobilizaziorako prest

Sindikatuen ustez, egoera honetan "erabateko arduragabekeria" litzateke maiatzaren 18an ikasleak eskoletara itzultzea. "Arrisku larrian jarriko litzateke langileen eta ikasleen osasuna eta, beraz, gizarte osoarena". Datozen egunetan, sindikatuak hezkuntzako eragileekin harremanetan jarriko dira egoerari buruz gogoeta egiteko eta erantzun bateratua emateko. Halaber, ohartarazi dute behar adina mobilizazio egingo dituztela langileen eta ikasleen osasuna bermatzeko.