Koronabirusa Azpeitian

Jaurlaritzak mugatu egin ditu Espainiako Gobernuak lehen faserako iragarritako neurriak

Uztarria.eus 2020ko mai. 9a, 16:40

Arantxa Tapiak baieztatu du lehen fasean neurri "murriztaileagoak" hartuko dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Udalerri batetik bestera ezingo da atera, salbuespen kasu batzuetarako izan ezik. Saltokietara eta terrazetara joateko ez dute ordutegirik zehaztu.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak baieztatu du Jaurlaritzak mugatu egin dituela Espainiako Gobernuak lehen faserako hartutako neurriak. Estatuko buletin ofizialean udalerrien arteko mugimenduak baimendu badituzte ere, Tapiak esan du udalerri barrura mugatuko dutela pertsonen mugimendua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beharrezko jardueretarako soilik baimenduko dute udalerrien arteko mugikortasuna, medikuarengana edota lantokira joateko, besteak beste.

Kalera ateratzeko ordutegiak mantenduko dituztela ere jakinarazi du Tapiak. Horietan ez da ordutegi aldaketarik izango. Irekita dauden saltokietara joateko edota ostalaritza gune bateko terrazara joateko, berriz, ez dute ordutegirik zehaztu; horren harira esan du, jendeak 23:00etara arteko baimena baldin badu kalean egoteko, tabernak ordutik aurrera irekita egoteak ez duela "zentzurik". Terraza horien edukierak, gainera, %50ekoa izan beharko du eta gehienez hamar lagunek izango dute elkartzeko aukera. Terraza jartzen duten ostatuek udalek emaniko lizentziak ahalbidetzen dien mahaien erdiak erabili ahal izango dituzte. Udalek erabaki behar dute nola egin kopuru bakoitia diren kasuetan.

Prentsaurrekoan Tapiak azaldu du "berme handiagoa" dakarten "neurri murriztaileagoak" hartu dituela Eusko Jaurlaritzak. Haren hitzetan, arriskua saihesteko hartu dituzte neurri zorrotzagoak. Bestetik, Nekane Murga Osasun sailburuak aipatu du "datuak onak" direla, baina "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die herritarrei.

Kultura arloko neurriak ere mugatu ditu Jaurlaritzak. Madrilek kultura ekitaldi txikiak egitea baimendu duen arren, Tapiak esan du ez dela halako jarduerak egiterik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Neurri bera hartu dute kirolean ere: kalean egiten den ariketa fisikoa eta goi mailako kirola soilik baimenduko dituzte. 

Hotelek zabaltzeko baimena izango dute astelehenetik aurrera, baina turismoarekin lotutako jarduerak itxita izango dira. Beraz, lan arrazoiengatik mugitu behar diren langileei ostatu emateko baimenduko dute hotelen irekiera.