Koronabirusa Azpeitian

Zer aldatuko da astelehenetik aurrera?

Uztarria.eus 2020ko mai. 9a, 14:16
Besteak beste, tabernek terrazak zabaltzeko baimena izango dute.

Hego Euskal Herriko biztanleak lehen fasera igaroko dira etzi, astelehenean, eta hainbat jarduera egin ahal izango dituzte. Besteak beste, hurbilekoak ikustea, hitzordurik gabe erosketak egitea, terraza batean esertzea edo liburutegira joatea baimenduta egongo dira.

Zero fasetik lehen fasera egingo du jauzia astelehenean Hego Euskal Herriak, tartean, Azpeitiak. Hori horrela, Espainiako Gobernuak buletin ofizialean hainbat argibide eman ditu, astelehenetik aurrera egin ahal izango dena azaltzeko. Hona hemen hainbat galderaren erantzunak:

Gertukoekin elkartzea posible

Posible izango da, baina hainbat mugarekin. Gehienez hamar laguneko bilerak baimenduko dira, etxean, kalean edo terraza batean. Bi metroko segurtasun tartea zaindu beharko da, eta higiene-arauak errespetatu.

Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua

Aire zabalean bada, hamabost lagun joan ahalko dira gehienez, adibidez, hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erraustera. Beilatokian, berriz, hamar pertsona baino ez dira egongo.

Terrazak

Terrazak edukieraren %50era mugatuta zabaldu ahalko dira. Udalen esku geratuko da portzentai horretan zabaltzea posible den kasuetan. Terrazetan, gehienez, hamar pertsona egon ahal izango dira elkarrekin, betiere elkarren arteko bi metroko distantzia errespetatuz. Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu beharko da, eta txartelarekin ordaintzea lehenetsiko da.

Saltokiak

400 metro koadro baino gutxiagoko saltokiek ireki ahal izango dute, zero fasean bezala. Ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordua hartzea, ezta banaka arreta eskaintzea ere. Saltokiek gehienez bezeroen %30 hartu ahal izango dute, eta bezero bat langile bakoitzeko. Gutxienez bi metroko segurtasun tartea gorde beharko da, eta 65 urtetik gorakoentzat lehentasunezko arreta ordutegia ezarri beharko dute. Komunak itxita egon beharko dira, eta jantziak eta probalekuak desinfektatu egin beharko dira erabiltzen diren bakoitzean. 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza guneak edo dendak ezin izango dira ireki oraindik.

Kaleko azokak

Aire zabaleko merkatuak edo azokak berriro zabalduko dira, baina ohiko postuen %25 bakarrik. Gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.  

Udalerritik kanpora

Udalerritik irteteko aukera egongo da, baina hainbat baldintzarekin. Probintziatik ateratzea debekatuta egongo da. Gainera, ezin izango da norbera bizi den herrialde barruko bigarren egoitza batera joan —bigarren fasetik aurrera baimenduko da hori—.

Autoa

Etxe berean bizi direnek bederatzi plazara arteko autoa partekatzeko aukera izango dute. Elkarrekin bizi ez badira, ilara bakoitzeko bi plaza bakarrik erabili ahalko dira, distantziak zainduz, eta maskarak erabilita. Ezin izango da autoarekin probintziatik irten.

Kirol-instalazioak

Kontaktu fisikorik ez duten kirolak egiteko ireki ahal izango dira bakarrik. Kirol zentroak irekitzeko aukera egongo da, baina banakako kirol jarduerak egiteko eta hitzordua eskatuta. Aldagelak itxita egongo dira. Aire zabaleko instalazioak ere irekiko dituzte, baina publikorik gabe. Gimnasioak, ordea, ezingo dira ireki. Igerilekuetan bainatzea, berriz, ezinezkoa izango da.

Kultur ekitaldiak

Aire zabalean egiten diren ekitaldietan eta kultur ikuskizunetan 200 pertsona baino gutxiago egon ahal izango dira, eta leku itxietan, 30 baino gutxiago, eta edukieraren %30ean. Publikoak eserita egon beharko du bi kasuetan, eta segurtasun distantzia mantendu.

Liburutegiak eta museoak

Museoen bisitak %30era mugatuko dira. Liburutegiak irekiko dituzte, baina mugatutako edukierarekin eta soilik liburuak mailegatzeko eta irakurtzeko.

Hotelak

Hotelak erabili ahalko dira, probintziaren barruan baldin badaude soilik. Hoteletako eta turismo ostatuetako eremu komunak itxita egongo dira; jantokiak, esaterako.