Koronabirusa Azpeitian

Egoera berrira egokitzen joan behar

Uztarria.eus 2020ko mai. 10a, 13:52
Azkoitiaren biltegia eta saltokia, kanpotik.

Bihartik aurrera tabernek eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera izango dute, ahaleraren erdiarekin soilik bada ere. Azpeitian eta inguruan badira horrela martxan hasiko direnak, baina baita momentuz itxita jarraituko dutenak ere. Ostalaritzarekin batera itzuliko dira lanera edarien eta bestelako gaien hornitzaileak ere, Xabier Azkoitia (Azpeitia, 1965) Eta Josune Bernedo (Azpeitia, 1992) bezala. Normaltasuna urruti, "kaleko bizimodua eta kontsumoa indartzea" espero dute. Bitartean, egoerara egokitzen asmatu behar.

Ostalaritza da Xabier Azkoitia Axkoitiren eta Josune Bernedoren (Azpeitia, 1992) bezero nagusia. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Aizarnazabalgp eta Errezilgo tabernak eta jatetxeak Heineken etxeko garagardoekin hornitzen ditu Azkoitiak, eta harekin lanean aritzen da Bernedo. Garagardo kañak ateratzeko barrikak dira gehien saltzen duten produktua, baina Errioxako bi upategiren eta Astigarragako sagardotegi ezagun baten Urola Erdirako banatzaileak ere badira. Horiez gain, olioa, kafea, zukuak eta abar ere saltzen dituzte inguruko ostalaritza guneetan, eta zenbait elkartetan eta denda txikitan ere bai.

Negozio mota ikusita, ezinbestean eta "bete-betean" eragin die COVID-19 gaitzak berarekin ekarri duen geldialdi orokorrak; eta ostalaritzak ateak itxi behar izanak, zer esanik ez. "Denda txiki batzuk eta partikular batzuk salbu", beren ohiko bezeroen %95 gelditzera derrigortuta egon dira alarma egoeran. Kolpera iritsi zitzaien "egoeraz jabetzea" izan zen, hain zuzen ere, konfinamendu sasoiaren hasierako egunetako eginkizuna Azkoitiarentzat eta Bernedorentzat. "Gero bezeroekin harremanetan jartzen hasi ginen, eta denda txikien eta partikularren banaketak zaintzen eta indartzen ari gara", diote.

Salmenta iturri nagusia eten zaien arren, eta horeen ondorioz banaketan aritzen ziren langileak momentuz lanik gabe gelditu badira ere, ez dira geldirik egon. Izan ere, biltegiaren ondoan beren produktuen salmenta zuzenerako denda ere badute, eta hori goiz eta arratsalde ireki izan dute. Azken egunetan, berriz, beste eginkizun bat gehitu zaie, eta astelehenean berriro irekitzen hasiko diren tabernen garagardo instalazioak garbitzen eta desinfektatzen dabiltza. Tabernen berrirekitzeak, ordea, ez die arlo horretako salmentak berehala berreskuratzeko bide handirik irekiko: "Tabernek, momentuz, hasteko nahikoa garagardo barrika badute, nahiz eta eskari gutxi batzuk izan ditugun".

Bide berriak probatzen

Ezusteko egoera honen erdian, inork ezin du igarri datorrenak zer ekarriko duen, baina bide berrietan saiatzeko prest daude Azkoitia eta Bernedo. "Pixkanaka kaleko bizimodua eta kontsumoa indartzea eta egoera berrira egokitzen joatea" dira beren itxaropena eta asmoa, aurtengo idiru sarrerek aurreko urteetakoekin zerikusirik ez dutela izango garbi duten arren. "Joan den urteko barrika kopuruaren erdia saltzen badugu... Karnabalak arte urtea ondo zihoan, baina...".

Garbi dute, era berean, "aldaketara moldatu" beharko direla, "ez dago besterik". Horrela, dendako eskaintza "zabaltzea" da orain esku artean duten asmoa, eta bertako salmentak indartzea, aurrez aurrekoak zein Internet bidezkoak. Izan ere, besteak beste, saltokiaren webgunea martxan jartzea izan da hilabeteotan egin duten lanetako bat.