Angeluko hilketa matxista salatu du udalak

Uztarria.eus | Gizartea
2020ko mai. 8a, 11:58

Angelun (Lapurdi) gizon batek bere emaztea tiroz hil zuen herenegun, eta Azpeitiko Udalak "gogor" salatu du gertakaria. Biktimaren senitartekoei eta lagunei elkartasuna adierazi die erakundeak.

Emakume bat hilik aurkitu zuten herenegun, hilak 6, Angelun (Lapurdi), eta poliziaren lehen ondorioen arabera, senarrak hil zuen emakumea, tiroz. Udalak "gogor" salatu du Angeluko ezbeharra, eta biktimaren senitartekoei eta gertukoei elkartasuna adierazi die. Era berean, udalak gogoratu du ez duela giza eskubideen urraketarik onartzen, "ez Azpeitian, ez inon", eta urraketa horien aurrean "modu aktiboan" jokatzea "herritarren ardura" dela nabarmendu du.

Bestalde, udalak herritarrei eskatu die halako kasuetan Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edo larrialdi zerbitzuetara (112) jotzeko. Horrez gain, erakundeak gogorarazi du herriko ikastetxeetan berdintasuna lantzen ari direla hezkidetza programen bidez, eta hemendik aurrera ere "indarkeriaren kontra lanean" jarraituko dutela.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu