Koronabirusa Azpeitian

Ane Lasa: "Gorputzari denbora eman behar zaio jarduera berrira egokitzeko"

Uztarria.eus 2020ko mai. 6a, 21:09
Ane Lasa fisioterapeuta.

Kirola egitera. Lanera edo erosketak egitera ez bada, 16 urtetik 70 urtera bitarteko herritarrek horretara irteteko aukera dute egunero, deskonfinamenduaren zero fasean. Etxetik kanpo kirolik egin gabe asteak pasatzeak, baina, ekar ditzake ondorioak, eta berriz ere jarduera fisikoa egiten "pixkanaka" hasi behar dela adierazi du Ane Lasa (Azpeitia, 1976) fisioterapeutak.

Asteak aire zabalean kirolik egin gabe egon ostean, nola komeni da ariketa fisikoa egiten hastea?

Arretaz; izan ere, ia bi hilabete pasatu ditugu konfinamenduan, eta asko etxean ariketa fisikoa egiten aritu badira ere, pausoz pauso hasi behar da. Beharrezkoa da norbere egoera fisikoaz jabetzea. Gainera, egoera ez da bera asteburuero maratoiak egiten dituen lasterkari batentzat edo mantentze gimnasia egiten duenarentzat. Kirola egin aurreko beroketak, ariketa pixkanaka egitea eta luzaketak garrantzitsuak dira.

Giharretako masa galtzea, kiloak hartzea... dira konfinamenduaren ondorioetako batzuk. Zeintzuk dira konfinamenduak kirolarien gorputzetan eragindako ondorio nagusiak?

Giharrek eta artikulazioek lehen zuten gaitasuna galtzea da sedentarismoaren eta ariketa fisikorik ez egitearen ondorio nagusia. Arazo fisiko horiek, gainera, loaren nahasmendua eragin dezakete, baita antsietatea edo estresa sortu ere. Horrez gain, B bitamina faltak hezurren dentsitatea murriztu dezake.

Zein izan daitezke bat-batean kirola egiten hastean sor daitezkeen lesioak?

Etxean kirola eginda egoera fisikoari eusten diogula pentsatzen badugu ere, aire zabalean egiten ditugun ariketen oinarriak desberdinak dira. Horregatik,gorputzari denbora eman behar zaio jarduera berrira egokitzeko. Artikulazioak, tendoiak, lotailuak eta giharrak dira kalte gehien jasaten duten gorputzeko atalak.

Zer ariketa edo kirol egiten hasi behar da lesioak saihesteko?

Pixkanakako eta adinari egokitutako jarduerak. Ariketa arinak egin behar dira aurrena, arnasteko arazorik sortzen ez dutenak, eta bost-hamar minutuz berotzea ere garrantzitsua da, baita luzaketak egitea ere. Horiek eginda, ariketa kardiobaskularrak eta indarra lantzekoak egitea komeni da, errekuperatzeko astia hartzea eta luzaketekin bukatzea. Horri guztiari hidratazio eta elikadura egokiarekin lagundu behar zaio.

Zenbat denbora behar du gorputzak berriz ere ohiko jardunera ohitzeko?

Hiruzpalau aste behar dira lehengo kargara eta distantzietara itzultzeko. Dena den, gorputz bakoitzak desberdin erantzuten du kirol jarduerara bueltatzean, eta beraz, norbere sentipenen arabera jokatzea aholkatzen dut. Bestalde, epe labur-ertaineko eta luzerako helburuak jartzea ere ona da, betiere egingarriak baldin badira.

Galdutako denbora errekuperatzeko xedez ateratzea zenbaterainoko kaltegarria izan daiteke?

Antsietate puntua sor dakiguke hainbat kirolekin pentsatze hutsak. Beraz...

Zer gomendio emango zenioke sekula kirolik egin ez duen edo oso gutxi egin duen pertsonari?

Garrantzitsuena gehien gustatzen zaion kirola aukeratzea dela esango nioke.

Hastapenetan, astean zenbat aldiz eta zenbat denboran komeni da kirola egitea?

Aurretik dugun esperientziaren arabera, baina astean hiruzpalau aldiz, eta gutxienez, 30-45 minutuko kirol saioak egitea gomendatuko nuke.