Koronabirusa Azpeitian

Mikel Odriozola: "Ez dut uste, orain bizitzen ari garen egoera ikusita, festak ohiko moduan egitea posible izango denik"

Uztarria.eus 2020ko mai. 4a, 19:39
Mikel Odriozola, iazko agerraldi batean. (Azpeitiko Udala)

Saninazioak bere horretan egitea zail ikusten du Festetako zinegotziak, baina oraindik erabaki zehatzik ez du hartu udalak. Egoeraren bilakaerak baldintzatuko ditu "festak antolatzen diharduten hainbat eragilerekin batera" hartuko dituzten erabakiak. Maiatzetik uztaila bitarteko auzoetako festak ez dituztela egingo baieztatu du Odriozolak.

Zer gertatutako da saninazioekin?

Behin eta berriz buruan darabilkigun galdera da, baina erantzun zehatz edo garbirik ez duena. Gaur gauden egoeran, ezinezkoa litzateke guk ezagutzen ditugun San Inazio festak egitea. Dena den, ikusi beharko da bizi dugun krisi soziosanitario honek nola eboluzionatzen duen eta zein baldintzatan iristen garen uztailaren bukaerara. Horregatik, pausoz pauso joan beharko dugu momentuko egoera eta baldintzak aztertzen, eta egunak iritsi ahala ikusi zerbait egin ahal daitekeen edo ez. Erabakiak San Inazio festak antolatzen diharduten hainbat eragilerekin batera hartuko ditugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu, beti ere pertsonen segurtasuna eta osasuna guztiaren gainetik jarrita.

Ospatzekotan, betiko moduan ezingo lirateke ospatu, ezta?

Ederra litzateke, baina ez dut uste, orain bizitzen ari garen egoera ikusita, festak ohiko moduan egitea posible izango denik, pasatutakoak pasatuta eta hartutako neurriak eta gero. Festak berrasmatu eta egokitu egin beharko ditugu momentuko baldintzetara, beti ere, posible bada.

Saninazioak baino lehen hainbat festa datoz: Aratzerreka, Sanjuandegi, Nuarbe, Enparan kalea, Elizkale, Urrestilla, Oñatz, Damaso Azkue... Horiek zertan dira? Hitz egin al duzue antolatzaileekin?

Konfinamenduak bete-betean harrapatu zituen Loiolako San Jose jaiak, eta bertan behera geratu ziren. Orain, maiatza eta uztaila bitartean hainbat auzotako festak ospatzen dira. Jarri gara harremanetan horietako festa batzordeetako kideekin, egoera aztertzeko eta ikuspuntuak elkar banatzeko. Denek garbi dute ezingo dituztela festak ospatu, eta ados gaude horretan. Egoera guztiz ulertu dute eta hori benetan eskertzekoa da.

Eudelen bileraren bat ere bazineten egitekoak herrietako jaiez hitz egiteko, ezta? Zer aurreikusten duzue bertan hitz egingo denaz?

Hainbat bilera eta hartu-eman izaten ari gara. Ari dira bilerak egiten Eudel, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udaletako ordezkariak eta Eusko Jaurlaritza. Aste honetan du Nagore Alkorta alkateak Eudeleko exekutiba, ea zerbait aurreratzen edo argitzen dioten. Bitartean, zain egon beharko dugu.