Koronabirusa Azpeitian

Lanera itzultzeko gogoz, baina kezkak ahaztu gabe

Uztarria.eus 2020ko mai. 4a, 14:32

Batzuek datorren astera arte zain egotea erabaki dute, baina badira Azpeitian gaur-biharretan beren saltokietako ateak berriro irekiko dituzten merkatari txikiak. Martxoaren 14tik ezinbestean itxita izan dituzten negozioen berrekitea ez da samurra izango, koronabirusaren osasun larrialdiak ez ohiko hainbat neurri hartzera behartu baititu dendariak eta zerbitzuak ematen dituzten saltoki guztiak. Atzo arte ez zituen neurri horiek zehaztu Espainiako Gobernuak, baina asmatu dute merkatariek, bakoitzak bere aldetik, moldatzen eta martxan hasi aurretik dena prest izaten. Aste honetan lanera itzuli diren horietako hirurekin hitz egin du Uztarriak.

Lourdes Alberdi (Alar mertzeria): "Denok ohitu beharko gara egoera berrira"

"Martxan hasterako denda osoa desinfektatzen aritu gara, batetik, eta saltokiaren egitura guztiz aldatu dugu, bestetik, jendeak ahalik eta gauza gutxien ukitu ditzan. Geuk beharrezko babes neurri guztiak hartuko ditugu lanerako: eskularruak, maskarak eta pantailak erabiliko ditugu, eta eskura izango dugu urarekin nahastutako alkohola ere, aldian-aldian desinfektatzeko. Bezeroei eskatzen dieguna da dendan sartutakoan eskuak garbitzeko, horretarako jarriko dugun gel hidroalkoholikoarekin, eta ahal izanez gero maskara jantzita etortzeko.

Gure denda txikia denez, bezero bakarra hartuko dugu aldiro. Esperientzia berria izango da guretzat bezeroei aurrez txanda emanda lan egitea, baina jendea ari da pixkanaka orduak eskatzen eta animatzen. Denok ohitu beharko gara egoera berrira. Oraindik ez dugu finkatu, baina denda irekitzeko ordutegia ohikoa baino murritzagoa izango da seguruenez.

Iruditzen zait dendari batzuk segurtasun neurriak bermatu arte itxoiten ari direla beren saltokiak berriro irekitzeko, baina era berean, sare sozialetan ikusten ari naiz hainbat denda txandak emanez lanean hasteko prest gaudela.

Denda hainbeste egunez itxita edukitzeak dezenteko antsietatea sortu dit neuri, eta beste askori ere antzekoa gertatuko zitzaiela pentsatzen dut. Azkenean, fakturak ordaintzen jarraitu beharra dago, eta diru-sarrera ezak eta ondoren zer etorriko den ez jakiteak beldurra sortzen du.

Denda itxi nuenetik eskulanak egiten aritu naiz, eta maskarak josten ere bai, lehendabizi Bertan merkatari elkarteko kideentzat eta ondoren baita gainerako herritarrentzat ere. Hainbeste ilusiorekin ekin diozun negozioa honen ondoren zertan geldituko den, jendeak aurrerantzean nola erantzungo duen… horiek dira konfinamendu garaiotan burura etorri zaizkidan kezkak eta galderak. Izan ere, beldur handia dagoela ikusten da.

Merkataritza txikia oso kaltetuta zegoen lehendik ere, merkataritza gune handien eta Internet bidezko erosketak tarteko. Koronabirusak, berriz, erabateko geldialdia ekarri digu, salmentarik ez izatea. Eta lehen estu eta larri bageunden, gauzak are estuago jarri zaizkigu orain. Egoera honi buelta emateko, herrian eta herrikoa kontsumitzea eskatu behar zaie herritarrei, denda txikiei laguntzeaz gain, modu horretan kaleak bizi mantenduko ditugulako, eta bide batez, modu horretan zeure inguruko jendeari laguntzen ere ari zelako, familiakoei, lagunei edota bizilagunei".

 

Karmen Gurrutxaga (ile-apaintzailea): "Lanean hasteko eta normaltasunera bueltatzeko gogo handiarekin gaude"

"Beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta egokitu dugu lantokia. Erabiltzen ditugun tresna guztiak ondo garbitu eta desinfektatuz ger, ez zait beharrezkoa iruditzen erabili eta botatzeko plastiko gehiago erabiltzea, lehendik ere nahikoa zabor badagoela esango nuke.

Lokalaren zabalera eta neurriak kontuan hartuta, eta bi apain-mahai edo tokadore ditugunez, aldiko bi bezero atenditu ahalko ditugu, bakoitzak bat, distantziak mantenduz. Bezero bakoitzarekin lanak bukatutakoan, hura egon den gunea desinfektatuko dugu. Bezeroek beharrrezkoa izango dute hitzordua aurrez eskatzea eta maskara erabiltzea; era berean, ile-apaindegiko sarreran jarriko dugun gel desinfektatzailearekin eskuak garbitu beharko dituzte. Geuk, berriz, maskarekin eta eskularruekin egingo dugu lan. Lanean hasteko baimena izango genuela jakin zenean, berehala hasi ginen bezeroen deiak jasotzen. Egia esan, egun batzuetarako lana badugu dagoeneko. Lehen esan bezala, derrigorrezkoa izango da gure bezeroek txanda aurrez hartzea. Hitzordua egin gabe etortzen badira, beste egun baterako emango zaie txanda.

Konfinamenduko aurreneko astetik, erabiltzen ditugun produktuen hornitzaileetako batek formazioa eman digu on line, astean lau egunetan; eta coach batekin saioak ere eskaini dizkigute, egoera honi ahal dugun ondoen aurre egiteko. Alde horretatik, nahiko entretenituta egon garela esango nuke. Bestetik, kezkatuta ere bai, egoerak noiz arte iraungo duen eta nolako irtenbidea eman ahal izango diogun pentsatuz. Lanean hasteko eta normaltasunera bueltatzeko gogo handiarekin gaude".

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Ane Agirrebeña (Kaioa arropa denda): "Guztien laguntza behar dugu aurrera jarraitzeko"

"Bezpera arte zer neurri zehatz hartu behar genituen jakin ez arren, asteak daramatzagu elkarteekin eta lehenago irekitzeko aukera izan duten beste lurraldeetako dendekin, Alemaniakoekin edota Holandakoekin, eta haiek hartu dituzten neurriak kopiatu ditugu guk.

Horrela, hasieran behintzat lanean neu bakarrik ariko naizenez, aldiro bezero bakarra sartu ahalko da dendara, eta aurretik txanda eskatuta, beti ere; aurrera begira, berriz, zirkuitu antzeko bat prestatuko dugu denda barruan, pilaketak saihesteko. Dendako sarreran eskuak hirogelarekin garbitu beharko dituzte bezeroek, eskularruak jantzita izan ala ez; horrela, ukitzen duten arropa garbi mantenduko da. Salmahaian ere hidrogela edukiko dugu, dirua edo txartelak eskutan erabiltzen ditugun aldiro garbitzeko. Aldagelak ere erabilera bakoitzaren ondoren garbituko ditugu, lurrun plantxa erabilita; horrelako plantxak ditugu gure denda guztietan, lurruna 100 gradutan botatzen dute eta oso erangikorrak dira. Horiez gain, denda osoa egunean bitan desinfektatuko dugu. Langileok maskara jantzita egingo dugu lan, eta komenigarria litzateke dendara datorren orok ere maskara erabiltzea.

Gu ez gaude ohituta aurrez ordua emanda lan egitera, baina baditugu dagoeneko txandak eskatu dizkiguten bezeroak eta lagunak. Aste bateko kontua izango eta denok desiatzen gaude normal funtzionatzen hasteko.

Martxoaren 14an denda itxi genuenean, hasieran ez genuen pentsatzen zer-nolako eragina izango zuen koronabirusak. Gorabehera askoko asteak izan dira emozionalki. Webgunea berritzen ari ginen hau hasi aurretik eta on line dendari bultzada emateko baliatu dugu denda itxita izan dugun denbora hau.

Azken urteetan kontsumitzeko erak aldatzen joan dira eta denda txikiok asko igarri dugu aldaketa hori, oso zaila da guretzat enpresa handiekin lehiatzea. Gaur egungo egoera berria da denontzat, baina balio izan digu ikusteko zer tristea den kalean ibiltzea dendak eta tabernak itxita daudela, denok dugu argi ez dugula hori nahi. Horregatik, balioa eman behar diegu gure denda txikiei, eskaintzen duten gertutasunarengatik, laguntasunarengatik… Produktuei dagokienez oso lehiakorrak gara, prezioei dagokienez ez gara garestiagoak, ez dugu kutsatzen, inguruan lanpostu asko sortzen dugu, eta oso garrantzitsua den beste kontu bat ere bai: denda txikien zergak bertan gelditzen dira, gure komunitatea elikatzen dute zerga horiek.

Guztien laguntza behar dugu aurrera jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak merkataritza txikiari balioa emateko plan orokor handi bat egin beharko lukeela iruditzen zait, eta diputazioen eta udalen laguntza ere beharko dugu. Baina gure bezeroak dira garrantzitsuenak, eta horiei eskertu nahi diet ematen diguten indarra".