Koronabirusa Azpeitian

Betharramen jarriko dituzte azokako fruta saltzaileen postuak

Uztarria.eus 2020ko mai. 2a, 13:53
Baserritarren azokako postuetako batzuk, plazan. (Azpeitiko Udala)

Fruta, fruitu lehorrak, bakailaoa, patata, eztia eta bestelako jakiak saltzen dituztenen hamar postu itzuliko dira, horrela, Azpeitiko azokara. Baserritarren azokako 25 ekoizlek, berriz, Azoka PLazan eta plazan jarriko dituzte beren saltokiak, azken asteotan bezala.

Koronabirusaren krisia hasi zenetik astearteetako azokara etorri gabe zeuden ohiko saltzaile batzuk Azpeitira itzuliko dira datorren astearteko azokarako, baina ez ohiko tokian jarriko dituzte saltokiak. Udalak gaur iragarri du Betharrametako jolastokian jarriko dituztela fruta, fruitu lehorrak, bakailaoa, patata, eztia eta bestelako jakiak saltzen dituztenen hamar postu.

Saltzaile horiek plazan jartzen zituzten postuak larrialdi egoeraren aurretik. Orain, ordea, COVID-19aren hedapena saihesteko hartu beharreko segurtasun neurriak tarteko, baserritarren azokako ekoizleetako batzuk dira postuak plazara atera behar izan dituztenak, joan den apirilaren 21eko azoka egunean hasita. Guztira bertako 25 ekoizlek jarriko dituzte postuak maiatzaren 5eko baserritarren azokan; Azoka Plazan egomgo dira horietatik hemezortzi, eta plazan, berriz, gainerako zazpiak.