Koronabirusa Azpeitian

Larunbatetik aurrera kirola egin ahal izango da herri barruan

Uztarria.eus 2020ko api. 30a, 21:06

Herritarrak kirola egitera edo paseo bat ematera atera ahal izango dira zapatutik aurrera. Helduek, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara egin ahal izango dute kirola; 14 urtez azpikoak, 12:00etatik 19:00etara atera ahal izango dira, eta mendekotasuna duten pertsonak eta 70 urtetik gorakoak, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.

Konfinamendua malgutzeko neurriak iragarri zituen aste honen hasieran Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, eta gaur, osteguna, kalera ateratzeko ordutegiak finkatu ditu Salvador Illa osasun ministroak. Ariketa fisikoari dagokionez, larunbatetik aurrera udalerri barruan, bakarka eta egunean behin egin ahalko dute herritarrek, eta edozein kirol egin ahal izango da. Paseoak, aldiz, egunean behin eta kilometro bateko eremuan egin ahal izango dira, bakarka zein bizikideren batekin batera.

Hiru ordutegi zehaztu ditu Illak. Kirola egitera eta paseoa ematera 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera ahal izango da; 14 urtez azpikoek, 12:00etatik 19:00etara izango dute etxetik ateratzeko aukera, eta mendekotasunen bat duten herritarrek ordutegi berezia izango dute kalera ateratzeko: 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. 70 urtetik gorako herritarrak ere, mendekotasunak dituztenen adin tartean sartu ditu Illak, eta horien ordutegian atera ahal izango dute kalera. 5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, berriz, ez da ordutegirik ezarriko.

Bestalde, Illak gogoratu du pertsona arteko distantziak bi metrokoa izan beharko duela, eta herritarrei higienea zaintzeko eta eskuak sarri garbitzeko eskatu die. Bestalde, Osasun ministroak jakinarazi du koronabirusaren sintomak dituzten herritarrak ezingo direla kalera atera.