Langileen Nazioarteko Egunean kalera petoa jantzita irtetea proposatu du Azpeitiko Ezker Abertzaleak

Uztarria.eus 2020ko api. 30a, 16:32

Azpeitiko Ezker Abertzalearen irudiko, hamaika arrazoi daude biharkoan kaleak aldarriz betetzeko, eta konfinamendua ez da izango horretarako oztopo. Kalera irten beharra daukaten herritarrei proposatu die, peto batean aldarrikapen mezu bat idatzi eta hura jantzita ateratzeko.

Koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta, Maiatzaren Lehena konfinamenduan pasa beharko dute herritarrek. Baina hori ez da aldarrikapenak plazaratzeko oztopo izango. Azpeitiko Ezker Abertzalearen arabera, "hamaika arrazoi ditugu historikoki borroka eguna izan den Langileon Nazioarteko Egunean kaleak aldarriz betetzeko". Haren ustetan, "lehendik jasangaitzak ziren egoera asko muturrera eraman ditu egoera honek", eta "krisialdi ekonomiko baten atarian gauden honetan", beharrezko jo du herritarren aldarrikapenak ikusaraztea.

Horretarako, proposamen bat egin die herritarrei: justifikatutako arrazoi batengatik kalera atera behar dutenei petoa jantzita ateratzea —autoan egoten denak balioko luke—, peto horretan aldarrikapen bat idatzita. Honako lelo hauek jarri ditu adibide gisa: krisi hau kapitalak ordain dezala, osasuna kapitalaren aurretik, krisi honi aurre egiten emakumeak lehen lerroan daude eta gora langileon borroka. Petoa jantzita ateratzen diren herritarrei argazkia ateratzeko eta bidaltzeko ere eskatu die, ondoren zabaldu ahal izateko.