Maiatzaren Lehenerako gehiengo sindikalak aukeratu duen ikurra balkoietan jartzera dei egin dute ELAk eta LABek

Uztarria.eus 2020ko api. 30a, 14:26
Gehiengo sindikalak Maiatzaren Lehenerako aukeratu duen irudia.

Bihar, Langileen Nazioarteko Egunean, ez da ohiko mobilizazio eta ekitaldi jendetsurik izango eskualdeko herrietan eta Euskal Herriko hiriburuetan. Baina, hala ere, aldarrikapenik ez da faltako. LAB sindikatuak deituta, Azkoititik Zestoara auto karabana egingo dute, 10:00etan hasita. Eguerdian, berriz, ELAk eta LABek Internet bidez zabalduko dituzte mezuak.

Bihar Maiatzaren Lehena da, Langileen Nazioarteko Eguna. Berezia izango da aurtengoa. Ez da ohiko mobilizazio eta ekitaldi jendetsurik izango eskualdeko herrietan eta Euskal Herriko hiriburuetan. Baina, hala ere, ez da aldarrikapenik faltako.

Aurreko urteetan ez bezala, aurten irudi komun bat erabiltzea adostu dute Euskal Gehiengo Sindikaleko sindikatu guztiek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde), "egungo salbuespen egoerak mezu komun bat" behar duelako. Herritar guztiak deitu dituzte etxeko balkoietan eta leihoetan ikurra zintzilikatzera eta, horrela, "langileen indarra eta aldarrikapena ikustaraztera".

Gehiengo sindikalak dio Maiatzaren Lehena aldarrikatu eta ospatu nahi duela, "modu koloretsu" batean. "Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa". 

Baina, irudi komun horretatik harago, ez dago batasunik. Sindikatu bakoitzak bere mezua zabalduko du eta bere egitaraua antolatu du biharko, ezohiko egoerara egokituta. Maiatzaren Lehena "normaltasun berri baten oinarriak" aldarrikatzeko erabiliko du LABek; eta Bizitza gara! leloarekin, erantzun kolektiboen beharra gogorarazteko ELAk.

Internetez hitz egingo dute idazkari nagusiek

LABek "osasuna eta pertsonen beharrak lehentasuna diren" normaltasun prozesu bat aldarrikatu du. "Normaltasun berri bat nahi dugu, baina ez aurrekora itzultzea dakarren normaltasun bat, bizitza duinari bide ematen ez dion eta planeta txikitzen duen normaltasun bat".

Normaltasun horren ardatzak zeintzuk diren ere azalduko du: sektore publiko indartsu bat, osasun eta zaintza sistema publikoak dituena; beste ekoizpen eta kontsumo eredu batzuk, eta zerga politika "banatzaileago" bat ere bai. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea bultzatu nahi du, "alarma egoera birzentralizaziorako baliatzen ari direlako". 

Goizerako, mobilizazio ibiltariak deitu ditu LABek; auto karabanak, hain zuzen. Eskualdean ere egingo dituzte: bata, Azkoititik Zestoara; eta bestea, Oriotik Zumaiara. 10:00etan abiatuko dira biak.

Hortik aurrerakoak, Internet bidez egingo ditu LABek, sindikatuaren webgunean. 11:30etan emango diote hasiera streaming bidezko saioari, eta dokumentalak, mahai inguruak, eta abar. emango dituzte. 12:30etan izango da egunerko ekitaldi nagusia. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hitz egingo du ordu horretan, bere sindikatuaren aldarrikapenak plazaratzeko.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, berriz, 12:00an zabalduko du bere mezua, Internet bidez, sindikatuaren webgunean. Hark ere "kapitalismoaren porrota" aldarrikatuko du. "Aldaketa handiak behar ditugu: austeritate politika alde batera utzi; bizi jasangarriak izan; zaintza lanari garrantzia eta balioa aitortu; zerbitzu publikoak eta oinarrizko lanen balioa indartu; gure ekonomia lurraldean errotu, globalizazioaren aurka… Justiziarako eta iraunkortasunerako bide bakarra dago: trantsizio sozial, feminista eta ekologistan aurrera egitea. Horretarako, gure ondasunik handienak ditugu mobilizazio soziala, aliantzak, elkarlana eta kalean agertzen dugun indarra. Horretarako prestatzea badago gure esku".

ELAk gogoan izango ditu Euskal Herrian eta mundu guztian koronabirusak jota hil direnak. "Jakin badakigu historian zehar Maiatzaren Lehenaren ikur izan dela elkartasuna, berdintasuna eta borrokatzeko konpromisoa, horrek adierazten baitu milioika pertsona klase bati, langile klaseari, atxikitzen zaizkiola eta haren parte direla. ELAk nabarmendu nahi du zer-nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako".