Koronabirusa Azpeitian

Koronabirus kasu berri bat hauteman dute Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 28a, 15:44

Kasu berri bat atzeman dute Azpeitian, eskualdeko bakarra. Horrekin, hamalau dira herrian gaitzak kutsatu dituen herritarrak, eta 238 Urola Kostan.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, baina haren abiadura moteltzen ari dela erakusten dute azken egunetako datuek. Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakitera emandako datuen arabera, atzo 20:00ak arte, kasu berri bakarra atzeman zuten eskualdean; zehazki, Azpeitian. Gainerako herrietako kutsatuen kopuruek ez dute gorabeherarik izan beraz. Kontaketa hasi zutenetik, 238 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak.

Honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautzen 128 herritar; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazazpi; Azpeitian hamalau; Getarian bost; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean, eta beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 392 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, orotara, 14.804 dira kutsatutakoak. Hiru lurralde horietan, hamalau pertsona hil ziren atzo, eta 134 osatu. Guztira, 1.255 pertsona hil eta 9.974 sendatu dira krisia hasi zenetik.

Nafarroan, berriz, 26 kasu baieztatu dituzte azken orduetan eta ez da inor hil. Guztira, 5.630 kasu positibo eta 432 hildako zenbatu dituzte kontaketa hasi zutenetik.