Koronabirusa Azpeitian

Gorka Karapeto: "Iruditzen zait magnesio likidoarekin ibili beharko dugula"

Berria 2020ko api. 28a, 11:34

Mendira joateko baimena noiz emango duten zain, haren inguruan lan egiten duten enpresek argi dute talde txikiagoetan aritu beharko dutela ezinbestean; eta, jardueraren arabera, egoera berrira egokituta. Gai horren harira, BiHatz rokodromoko nagusia den Gorka Karapeto elkarrizketatu dute Berria egunkarian.

Iruñeko bere etxean konfinatuta jarraitzen du Gorka Karapeto eskalatzaileak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) martxoaren 14tik. 2017tik BiHatz eskalada hormako nagusia da, beste bi lagunekin batera, Nafarroako hiriburuan. "Orain arte geldirik egon gara, baina, hemendik gutxira, mantentze lanak areagotuz joango gara. Beti dago zer egina bertan: aldagelak garbi mantendu, garbiketa orokorrak egin, hormak zaindu, biltegia txukundu...". Koronabirusagatik, gaur egun, bakarrik mantentze lanak egitera joan daiteke. Jendearekin eguneroko harremana sumatzen du faltan gehien. "Ireki genuenetik, jende kopurua goraka joan da gaur arte, eta, azkenaldian, bazkideak, bonua hartzen zutenak, eguneko sarrera erosten zutenak eta asteburuetan ibiltzen zirenak zenbatuta, 400 edo 500 pertsona inguru pasatzen ziren hilean rokodromotik".

Astialdira lotutako negozio askoren antzera, Karapetok argi dauka COVID-19ak aldaketak ekarriko dizkiela. "Iruditzen zait gauzak asko aldatuko direla. Uste dut arau zorrotzak jarriko dizkigutela. Orain arte ez digute ezer esan, baina pentsatzen dut higiene aldetik etor daitekeela berrikuntza handienetakoa. Gaur egun, adibidez, aldageletan zortzi dutxa ditugu, eta baliteke etorkizunean batetik bestera panelak jarri behar izatea". Eskaladak berez dituen arriskuez gain, kutsatzeko aukerak ere handiak dira kirol horretan. Eskalatzaile gehienek ibilbide antzekoak egiten dituzte, helduleku berak erabilita... Alde horretatik, beste herrialde batzuetan aldaketak egiten hasiak direla ere azaldu du: "Alemanian jada magnesio hautsa debekatu egingo dutela dirudi, eta iruditzen zait, epe motzean, magnesio likidoarekin ibili beharko dugula. Magnesio mota horrek alkohola dauka, eta, era berean, eskuak garbituz joaten da".

Aitortu du enpresa moduan oraindik ere ez dutela ezer pentsatu. "Agintariek zerbait esan arte alferrikakoa ikusten dut ezertan hastea". Baina aurreikuspen bat egin du: "Iruditzen zait jende kopurua asko mugatuko dutela. Talde txikitan ibiltzea tokatuko zaigu, eta ordutegiak ere mugatu egingo dituzte. Ezinbestekoa izango da denon artean errespetuz jokatzea. Egia da eskalada nahiko kirol bakartia dela berez, eta orain arte ere tarteak asko mantentzen ziren. Orain, agian, tarteak handitu beharko ditugu". Hainbeste jende mugitzen duen eremua izanik, oraindik ere ez du eperik buruan rokodromoa zabaltzeko. Halere, argi dauka: "Mendian eskalatzeko baimena lehenago emango digute, rokodromoan ibiltzeko baino. Horretan ez dut zalantzarik".

Irakurri erreportajea osorik Berria.eus atarian.