Koronabirusa Azpeitian

Maileguak eskatzeko eta etxera eramateko zerbitzua eskainiko du Udal Liburutegiak

Uztarria.eus 2020ko api. 23a, 13:07
Enparan dorretxeko liburutegiko apalategi bat. (Udal Liburutegia)

Astelehenean jarriko dute martxan Liburuak Etxera izeneko zerbitzu berria. Mailegu eskaerak egiteko aukera izango dute herritarrek eta astebeteren barruan jasoko dituzte etxean eskatutako liburuak, filmak edota aldizkariak. Eskaerak astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara bitartean jasoko dituzte telefonoz, Whatsapp-ez edo posta elektronikoz.

Datorren astelehenetik aurrera, herritarrek liburuak, filmak zein aldizkariak maileguan eskatzeko eta eskatutakoa etxean jasotzeko aukera izango dute Azpeitian. Liburuak Etxera izeneko zerbitzua jarriko du martxan Udal Liburutegiak, koronabirusak eragindako alarma egoeraren ondorioz herritarrak etxean dauden epealdi honetarako. "Kultura etxeko ateraino eraman nahi diegu herritarrei, kultura eta irakurzaletasuna sustatuz eta bultzatuz herritarrak entretenitzeko", adierazi du Eneritz Albizu Kultura zinegotziak.

Mailegu eskaerak egiten dituztenek astebeteren barruan jasoko dituzte eskatutako liburuak. Mailegu eskaera astelehenetik aurrera egin ahal izango dira eta maiatzaren 4tik aurrera hasiko dira herritarrak eskatutakoak etxean jasotzen. "Prozesu osoa beharrezko prebentzio neurri guztiak hartuta" egingo dela nabarmendu du udalak.

"Osasun arloko larrialdi egoera honetan, liburutegiak itxita, herritarrek liburuak eta pelikulak on line hartzeko aukera dute, eLiburutegia eta eFilm zerbitzuen bidez. Baina askok ez dute horretarako bitartekorik, sarerik ez dutelako edota ez dakitelako nola erabiltzen diren", azaldu du udalak. Konfinamendu aste hauetan Udal Liburutegian "jende askoren liburu eskaerak" jaso dituztela diote zerbitzu berriaren arduradunek, eta behar horri erantzuteko sortu dute Liburuak Etxera egitasmoa. "Liburutegiak erabiltzaile asko ditu egunerokoan, herritarrek asko estimatzen duten azpiegitura eta zerbitzua da. Alarma egoeran liburutegira etorri ezin direnez, gu joango gara liburuekin etxera", gaineratu du Albizuk.

Zer eta nola eskatu

Larrialdi egoerara moldatu dute, ezinbestean, maileguak etxeraino eramateko zerbitzua. Eskaerak astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara bitartean jasoko dituzte liburutegian, telefonoz (943-15 71 95), Whatsapp-ez (688 815 506) edo posta elektronikoz (liburutegikoharrera@azpeitia.eus).

Liburuak, filmak zein aldizkariak hartu ahal izango dituzte maileguan herritarrek. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean begiratu eta izenburu zehatzak eskatu daitezke, eskatutako edukiak Azpeitiko Udal Liburutegian erabilgarri baldin badaude beti ere, "liburutegi arteko mailegurik ezin baita egin". Beste aukera bat da eskaerak modu orokorragoan egitea eta liburuzainen esku uztea edukien aukeraketa. "Adibidez, eleberri beltza edo 5 urteko haur batentzako euskarazko hiru ipuin nahi dituztela edo dena delakoa zehaztu dezakete eskatzaileek", zehaztu du udalak.