'Herriko tabernen' auziaren epaia egikaritzen hasi da Espainiako Auzitegi Nazionala

Uztarria.eus | Politika
2020ko api. 22a, 17:17

Auzitegi horri dagokio 2015eko ekainean Auzitegi Gorenak berretsitako epaia gauzatzea. 103 herriko taberna zigortu zituen, eta horiek konfiskatzeko agindua indarrean da; tartean da Azpeitiko Orkatz kultur elkartea. Orkatzeko ordezkariek Uztarria.eus-i azaldu diotenez, kontuak "lapurtu" dizkiete. Izan ere, apirilaren 16an kendu zieten 2002tik enbargatuta zegoen kontuko diru guztia.

Orkatz atarian herri-harresia irudikatu zuten hainbat lagunek 2015eko ekainaren 29an.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Espainiako Auzitegi Nazionala Euskal Herriko 103 herriko taberna konfiskatzea eskatzen zuen epaia egikaritzen hasi da, horien kontu korronteak enbargatzeko agindua emanda. Hala jakinarazi du gaur, asteazkena, Sortuk ohar bidez. Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi zuela ia bost urte betetzear direnean hasi da Auzitegi Nazionala kontuak enbargatzen, eta Sorturen arabera, taberna denenen kontuekin gauza bera egingo du datozen egunetan.

Auzitegi Nazionalak 103 herriko taberna konfiskatzeko emandako agindua 2015eko ekainaren 18an berretsi zuen Gorenak, 35/02 auziko defentsa abokatuek aurkeztutako helegitea atzera botata eta "ETAren egitura" finantzatzea leporatuta. Zigortutako tabernen artean da Azpeitiko Orkatz kultur elkartea. Orkatzeko ordezkariek Uztarria.eus-i azaldu diotenez, 2002az geroztik zuten Orkatzeko kontu korrontea enbargatuta, baina oraintsu "lapurtu" diete kontu horretan zuten dirua. "Ez dugu jakinarazpenik ere jaso, baina apirilaren 16an kontuan zegoen diru guztia kendu ziguten; zeron utzi dute kontua". Dena den, Orkatzeko kideek esan dutenez, ez dakite taberna konfiskatzeko agindua noiz gauzatuko duen Auzitegi Nazionalak: "Agian, hilabetera konfiskatuko digute, edo bost hilabetera, edo bost urtera. Gainera, ez dakigu agindua nola exekutatuko duten ere, eta jakinarazi egin behar digute aurrez".

Sortuk salatu duenez, 36ko gerraz geroztik izan den "expolio politiko eta ekonomiko handiena" da sententzia. "Epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat da", gaineratu du alderdiak. 2015ean epaia ebatzi zutenetik, herriko tabernak eta elkarteak “auzolanean, kultur ekarpenei nahiz ekarpen politikoei eusten” aritu direla nabarmendu du Sortuk, eta hori "zoriontzeko moduko ahalegina" dela esan du.Egunotan guardia zibilak eta militarrak "osasun krisiaren aurkako propagandaren lehen lerroan" daudela gaineratu du, baita "iraganekoa behar lukeen epaiak" Espainaren "autoritarismoa" gogora ekartzen duela ere. Sortuk adierazi duenez, Euskal Herriaren askapen prozesuan “urrats sendoak” eman ditu ezker abertzaleak azken urteetan, eta jakinarazi du, "egoera konplexua izanda ere", eraso honek ez dituela isilduko.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu