Koronabirusa Azpeitian

Janari bankuak eta udalak oinarrizko elikagaiak banatu dizkiete herriko 90 familiari

Uztarria.eus 2020ko api. 22a, 13:30

COVID-19ak hainbat familiari eragindako kalte ekonomikoak direla eta, janari bankuak eta udalak elikagaien banaketa egin dute hil honetan ere. Izatez, janari bankuak bi hilean behin banatzen dizkie oinarrizko elikagaiak familiei, boluntario sare baten bidez. Konfinamendua dela eta, ordea, hil honetan banaketa gehigarri bat egitea adostu dute janari bankuak eta udalak, haien arabera konfinamenduaren ondorioz etxean jaki gehiago kontsumitzen direlako eta horrek familia askotan diru sarrerak murriztea dakarrelako.

Atzo, asteazkena, egin zuen janarien banaketa udal brigadak, eta guztira, 90 familiak jaso zituzten oinarrizko elikagaiak; horietatik, 36 familia, gainera, berriak izan dira. Datorren banaketa, berriz, maiatzean egingo dute. Halere, udalak herritarren artean "beharrak detektatzen" baditu, herritar horien eskaerei "erantzuna" ematen saiatuko dela nabarmendu du.

Leire Goenaga udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak adierazi duenez, udala herriko eragileekin eta elkarteekin lanean ari da herritarren "behar eta gabeziei" erantzuteko. Hain zuzen ere, Goenagak azaldu duenez, udal brigadaz gain hainbat boluntariok ere parte hartu dute oinarrizko elikagaien banaketan: "Benetan eskertzekoa da boluntarioek egiten duten lana, eta eskertzekoa da oraingoan ere erakutsi diguten prestutasuna".

Bestalde, batzordeburuak gaineratu du janari bankuaz gain, udalak bestela hainbat zerbitzu eta laguntza jarri dituela herritarren eskura: "Epealdi honetan, indar bereziak ari gara jartzen udalaren bidez pandemiaren eraginez beren egoera ekonomikoa eta ongizatea kaltetu zaizkienei asistentzia eta baliabideak eskaintzeko". Hain zuzen ere, alokairua ordaintzeko, elikagaiak erosteko, osasun eta farmazia produktuak eskuratzeko, ura, gasa zein argindarra ordaintzeko eta halako hornikuntzak finantzatzeko dirulaguntza lerro bat jarri du martxan udalak, eta alarma egoerak irauten duen bitartean izandako diru-sarrerak hartuko dituzte kontuan dirulaguntza ebazterakoan.

Laguntza horien eta gainontzeko zerbitzuen informazioa behar duenak, 943-15 71 92 telefonora deitu edo gizarte@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi dezake.