Koronabirusa Azpeitian

Hamargarren koronabirus kasua atzeman dute Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 20a, 16:04

Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuen arabera, koronabirus kasu berri bat atzeman dute Azpeitian. Azken datuak kontuan hartuta, guztira, 211 lagun kutsatu dira Urola Kostan COVID-19 gaitzarekin, kontaketa hasi zutenetik.

Koronabirusarekin kutsatutako lagun kopurua handitzen ari bada ere, gaitzaren zabalkundea moteltzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken orduetan, bi kasu berri baieztatu dituzte eskualdean, bata Azpeitian eta bestea Zarautzen. Hala, kontaketa hasi zutenetik, 112 kasu zenbatu dituzte Zarautzen, eta hamar Azpeitian. Eskualdeko beste herrietako kutsatuen zerrendan ez da aldaketarik izan: 47 kutsatu zenbatu dituzte Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, lau Zestoan, hiruna Aian eta Getarian eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute koronabirus kasurik atzeman.

Azken datuak kontuan hartuta, guztira, 211 lagun kutsatu dira Urola Kostan COVID-19 gaitzarekin, baina nabarmendu behar da horietako asko sendatu direla, eta beste batzuk hil ere egin direla koronabirusaren eraginez.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, koronabirusa atzemateko 2.340 test egin dituzte azken orduetan, eta 59 kasu berri hauteman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bestalde, azaldu dute 19 lagun hil direla gaitzaren ondorioz azken orduetan. Nafarroan berriz, 4.735 koronabirus kasu atzeman dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 385 lagun hil dira gaitzaren ondorioz.  

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak kontuan hartuta, guztira, 17.363 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa hasi zenetik. Dena dela, nabarmendu behar da Hego Euskal Herriko 8.247 herritarrek jaso dutela dagoeneko senda agiria.