Koronabirusa Azpeitian

Foru Aldundiaren udalekuetan izena emateko epea luzatu egin dute

Uztarria.eus 2020ko api. 20a, 12:24

Aldundiak adierazi duenez, aurtengo udalekuak eta Gazte Oporraldiak programa osasun arloko agintariek ematen dituzten jarraibideek baldintzatuko dute. Halere, epemuga zehatzik gabe zabaldu dute horietan izena emateko epea.

Joan zen hilean zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekuetan izena emateko epea. Hilaren 17a zen horretarako azken eguna, baina koronabirusak eragindako egoera ikusita, izena emateko epemuga zehatzik ez jartzea erabaki du erakundeak.

Aldundiak jakinarazi duenez, udalekuak eta Gazte Oporraldiak programaren aurtengo edizioa osasun arloko agintarien jarraibideek eta neurriek baldintzatuko dute. Dena den, gaur-gaurkoz horietan izena emateko epeak irekita jarraituko du, eta aurrerago, "egoera argitzen doan neurrian" jakinaraziko ditu aldundiak izapide bakoitza egiteko data berriak. Ildo horretatik, erakundeak azpimarratu du "lanean" diharduela haurrei eta gazteei uda honetarako "ekintza dibertigarriak" eskaintzeko.

Bestalde, aldundiak azaldu du udalekuetan izena emateko modu bakarra online dela, eta udal bulegoetan eta gazteguneetan ez dela horretarako aurrez aurreko zerbitzurik eskainiko. Hala ere, eskaera-orria betetzeko arazoak dituenak nahiz bestelako zalantzak dituenak 943-44 59 80 telefonora deitu dezake. Honako lotura honetan eman daiteke izena udalekuetarako eta Gazteak Oporraldian programarako, eta honako honetan irakur daitezke zeintzuk diren horietan izena emateko baldintzak.